Osasunaren Mundu Erakundeak dirua biltzeko fundazio bat sortu du

Genevan kokatuko da OMEren WHO Foundation fundazioa, eta erakundearen helburuak betetzeko dirua biltzeaz arduratuko da. Herritarren eta enpresen dohaintzak bilduko ditu. 

Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusia. SALVATORE DI NOLFI, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 27a
19:12
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak finantzabidea lortzeko fundazio bat aurkeztu du gaur. WHO Foundation izango du izena, eta Genevan kokatuko da, Suitzan. Fundazioaren helburua izango da OMEri laguntzea mundu mailako osasun arazoei buru egiten. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiaren hitzetan, OMEren «etorkizuneko arrakasta» baldintzatuko duten gakoetako bat izango da fundazioa. 

OMEk 2023rako ezarrita dauzkan helburuak betetzen lagunduko du fundazioak: 1.000 milioi lagun babestea osasun larrialdietatik, gutxieneko osasun zerbitzua bermatzea 1.000 milioi pertsonari, eta 1.000 milioi lagunen ongizatea eta osasuna zaintzea. 

WHO fundazioa aparteko erakunde bat izango da, juridikoki OMErekin zerikusirik gabea, eta herritar soilen eta OMErekin akordioak dituzten enpresen dohaintzak jasoko ditu. Ghebreyesusek azaldu duenez, OMEren etorkizuneko arrakastaren gakoetako bat izango da orain dituen dohaintza emaileak handitzea, bai kantitateari eta bai kalitateari dagokienez. «Fundazioaren sorrera OMEren eraldaketaren ondorio da. Osasuna bultzatu, zaurgarrienak babestu eta mundu seguruago bat izateko urrats garrantzitsua da fundazioaren sorrera», nabarmendu du. 

Trumpen ezinikusia

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak OME diruz laguntzeari uztea erabaki zuen apirilaren 15ean. Ghebreyesusek, ordea, ukatu egin du gaur fundazioa sortzeko erabakia Trumpen erabakiaren ondorio izan denik. OMEko zuzendari nagusiak nabarmendu du bi urteko lan gogorraren emaitza izan dela fundazioaren sorrera. 

Diru iturria eten ondotik ere, Trumpek OME mehatxatzen jarraitu du, eta «Txinaren txotxongiloa» izatea aurpegiratu zion maiatzaren 19an. Diru ekarpena eteteaz gain, 30 eguneko tartea eman zion «hobekuntza handi eta funtsezkoak» egiteko. Diru ekarpena «izozteko» mehatxua egin zion Trumpek, eta nabarmendu zuen «berriz pentsatuko» dutela horren bazkide izaten jarraitzea. Trumpek ez du argitu zein diren hobekuntza horiek, baina argi utzi du Txinarekiko jarreraren ingurukoak direla. Washingtonek OMEren aurrekontuaren ia bosten bat ordaindu zuen 2018-2019ko epean: 826,7 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.