Ospakizunak gatazka artean

Txinako Alderdi Komunistak 90 urte bete ditu gaur; gobernuak ospakizun andana antolatu arren, arazo anitz ditu aurre egitekoAmnesty Internationalek salatu du Pekinek abokatuen aurkako errepresioa darabilela

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur 90 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak. 1921eko uztailaren 1ean sortu zuten hamahiru gaztek Frantziaren menpeko Shanghaiko zatian, Txinako agintarien errepresiotik ezkutuan. Chen Duxiu hautatu zuten bilera hartan buruzagi, batzarrera agertzerik izan ez bazuen ere. Alderdiaren loraldia, baina, Mao Zedongen gidaritzapean etorri zen. Japoniako inbasioaren aurkako borrokan (1931-1945) Alderdi Komunistaren prestigioa handitu egin zen herritarren artean, eta 1949an, Kuomintang alderdi nazionalistaren aurkako gerra irabazita, boterea eskuratu zuen. Bada, 90 urteko historian, ia 62 boterean bete ditu Alderdi Komunistak, eta hamahiru lagunek sortutako erakundeak 80 milioi kide ditu gaur egun.

Pekinek ez du gaurko egunera arte itxaron urteurreneko ospakizunekin hasteko. Azken astean ugariak izan dira desfile militarrak, kantaldiak, zinema emanaldiak, karriketako apaingarriak eta bertze hainbat ekimen. Azpiegitura handiak estreinatzeko ere baliatu du gobernuak urteurrena. Pekin eta Shanghai elkartuko dituen abiadura handiko trena da lan handi horietako bat. Txinako bi hiri nagusien arteko 1.400 kilometroak bortz ordutan eginen ditu trenak. Itsaso gaineko munduko zubirik luzeena ere eraiki du Txinak, Qingdao probintzian (ipar-ekialdean). 42,5 kilometro luze da. Pekinek handitasuna eta aurrerapena erakutsi nahi izan dizkio munduari. Duela hiru hamarkada kapitalismoari bidea ireki zion erregimen komunistak gorriz jantzi ditu hiri eta herrietako karrikak, baina Alderdi Komunistaren ospakizunek ere ez dute lortu Herri Errepublika barren-barrenetik astintzen duten gatazkak estaltzea.

Disidentzia

Txinako agintariek nazioartean jaso dituzten kexa ugarienetakoak disidentziaren edo gobernuarekin kritiko direnen aurka hartutako neurrien inguruan izan dira. Horietan azkena atzo bertan AI Amnesty Internationalek aurkeztutako txostena izan da. Giza eskubideen urraketen inguruko kasuetan aritzen diren abokatuen aurka jardutea egotzi dio AIk Pekini. «Isilarazteko taktika baten biktima dira abokatuak. Lizentziak baliogabetu egiten dizkiete, lan egitea debekatu, edo baita jazarri, desagerrarazi eta torturatu ere», salatu du AIren Asia eta Ozeaniarako zuzendari alboko Catherine Baberrek.

Hark dioenez, Pekinek beldur dio herrialde arabiarretan gertatu bezala aldaketa politikoak exijituko dituen matxinada batensorrerari. Horren ondorioz, «erregimenarekin kritiko diren dozenaka lagun, ekintzaile eta ziber-hiritar atxilotu ditu otsailazgeroztik». Baberren ustez, gobernua legea erabiltzen ari da harentzat «mehatxu direnak zanpatzeko». Horregatik, Pekin abokatuei jazarri zaie legea erabiltzen dutelako «herritarrak estatuarengandik babesteko». Lurrerako eskubidearen, adierazpen askatasunaren eta erlijio askatasunaren inguruko kasuetan aritzen diren abokatuei jazarri zaie gobernua, Baberren arabera.

Txinak, baina, dena ukatu du. Hong Lei gobernuko bozeramailearen arabera, ez dago «ez atxiloketa arbitrariorik, ez indarrez egindako desagerpenik». Txina legeak arautzen duela erran du. «Amnesty International Txinaren aurka dago, beraz, ez dago deus gehiago esateko».

Azken egunetan ere zererrana eman du bi disidente mediatikoenen kasuak. Hu Jia eta Ai Weiwei espetxetik atera ditu gobernuak, baina askatasuna baldintzatuta. Biak zaintzapean ditu Poliziak, eta debekatua dute hedabideekin mintzatzea eta politikan aritzea. Hu iragan igandean askatu zuten, hiru urteko zigorra bete ondoren «estatuaren aurkako subertsioa» egotzita. Ai hilaren 22an askatu zuten, 80 egun espetxean eman ondotik, zerga iruzurra leporatuta.

Menpeko herriak

Mendebaldeko herrialde handi anitzek duten arazo bera du Txinak: lurralde batasuna auzitan paratzen duten menpeko herriak. Han etnia da nagusi Txinan —herritarren %90 inguru dira—, baina gutxienez bertze 56 daude. Azken urteetan uigurrek eta tibetarrek eman diote buruhauste gehien Pekini. Azken horien kasuan, gobernuak sarrera debekatu die Tibet bisitatu nahi duten turistei. Tibet aske baten aldeko ikasleak gobernuz kanpoko erakundeak dioenez, Alderdi Komunistaren urteurrenaren harira Pekinek prestatu dituen ekitaldien aurka «egunero» protestak eta «desobedientzia zibileko ekintzak» egiten ari dira Tibeten, eta nazioarteak horren berri izan dezan saihestu nahi dute agintariek, erakunde horren arabera.

Maiatzetik honat, ordea, mongolek egin dute matxinada nagusia. Barne Mongoliako eskualde autonomoan bizi dira, Mongolia independentearekiko mugan. Txinako lurraldearen %10 da. Gatazkak erro sakonak ditu. 25 milioi biztanle bizi dira han, baina laurdena baino gutxiago dira mongolak. Haien kulturarekiko mesprezua salatu dute, baina gatazkaren eragile nagusia haien bizitza ereduak jasandako erasoa izan da. Mongolak artzainak dira nagusiki; haien lurrak, ordea, hagitz aberatsak dira meatzaritzarako. Horregatik, Pekinek enpresak ezarri ditu han, eta eskualdea da herrialdeko ikatz ekoizle nagusia. Mongolek salatu dute enpresek haien lurrak suntsitu eta kutsatu dituztela.

Gatazkaren azken txinparta iragan maiatzaren 10ean piztu zen. Hogei lagun inguruk meatzeetako kamioi bati bidea oztopatu zioten. Gidariak aitzinera jo zuen, ordea, eta artzain bat hil. Hori salatzeko protesta eta istilu latzak piztu ziren eskualdean, eta Pekinek, egoera baretzeko asmoz, erabaki irmo bat hartu zuen: gidariari heriotza zigorra ezarri zion, eta haren albokoari bizi guztiko espetxe zigorra. Han etniakoak ziren biak. Bertzelako neurriak ere hartu ditu gobernuak. Adibidez, ikuskatzaileak bidali ditu kutsatu egiten duten enpresak ixteko asmoz, eta konpainia bakarrari eman dio Barne Mongolian segitzeko monopolioa. Iragan astean han etniako bertze gidari bati ere heriotza zigorra jarri zioten manifestari bat harrapatzea egotzita, baina horrek denak ez ditu protestak itzali. Hilaren 25ean manifestariek meatze bati sabotaje bat egin zioten, gobernuak hura zabaltzea erabaki zuelako. Polizia gogor oldartu zitzaion protestari.

Gizarte asaldura

Txinako ekonomia anitz hazi da urteotan, eta herrialdea munduko potentzia bihurtu da. AEBei aurre hartzea du helburu. Hazkunde horretan, ordea, ia ez dira langileen eskubideak edo enpresei ezarri beharreko kontrolak aintzat hartu. Kutsadura osasun arazo larria bihurtu da, klaseen arteko aldea anitz hazi da, eta barne etorkinen mugimendu handia sortu da. Azken horiek baldintza gogorrak pairatu behar dituzte. Kanton probintzian, adibidez, egoera lehertu egin zen duela bi aste, eta istilu larriak izan ziren. Egoera soziala bideratu ezean, matxinada zabalago bat sortzeko osagaiak biltzen ari dira Txinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.