Ipar Irlanda-Bake Akordioa

Ostiral Santuko Akordioa berrikusteari ekin diote Stormonten

Ipar Irlandako alderdi politikoek eta Erresuma Batuko eta Irlandako Gobernuek arratsaldeko 14:30ean –Euskal Herrian 15:30ak– ekin diote Stormont Jauregian 1998ko Ostiral Santuko bake akordioa berrikusteari. Stormont Ipar Irlandako instituzioen egoitza da eta 2002ko urritik haren jarduerak etenda daude. Hori dela eta, Ipar Irlandako bake prozesua krisi larrian dago, eta gaurko batzarraren helburua da herrialde horrek autonomia berreskuratzeko lanari heltzea.

2004ko otsailaren 3a
18:31
Entzun
Ian Pasley DUP alderdi erradikaleko buruak –azaroko hauteskundeen irabazlea– ez zuen parte hartu Stormonteko Ostiral Santuko bake akordioaren sinaduran, haren alde ez zegoelako. Azaroko hauteskundeetan boto gehien jaso zuenez, Gobernu hori kudeatzeko ardura du, eta lehen aldiz eseriko da mahai horretan. Aurrez aurre izango du Gerry Adams Sinn Feineko burua –boto gehien jaso zuen alderdi nazionalista–. Bi aldeek helburu ezberdinak eramango dituzte bilerara, eta printzipioz ez du itxaropen handiegirik sortu. DUP alderdiak Ostiral Santuko bake akordioaren sakoneko berrazterketa bat egin nahi du –beti kontra egon da– eta Sinn Fein berriz, ez dela ezer berririk negoziatu behar dio.

Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek esan du bake akordioaren berrazterketa "ondo zehaztua" eta "txikia" izango dela. Blairren izenean Ipar Irlandarako ministro Paul Murphyk hartuko du parte mahainguruan, eta Ipar Irlandako Gobernuaren izenean Kanpo Arazoetarako buru Brian Cowenek.

Bilera horretara Mitchell Reis ere joan da, George W. Bush AEBetako presidenteak Ipar Irlandarako izendatu duen ordezkaria, eta gaur bertan hain kontaktu egingo ditu Ipar Irlandako alderdi politikoekin.

Mahaingurua jarrerak azaltzeko

Ostiral Santuko bake akordioaren berrazterketa mahai inguru bateko hasiko da, eta alde bakoitzak bere jarrera azalduko du. David Trimble ministro ohiaren UUP Alderdi Unionistak 24 eserleku ditu –hiruk kargua utzi dute–, Sinn Feinek bezalaxe. Marc Duncan nazionalista moderatuaren SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak 18 eserleku ditu eta Aliantzaren aldeko alderdiak bederatzi. DUP alderdi eskuindarrak ditu eserleku gehien, 33 guztira.

Ian Pasley DUP alderdiko burua katoliko eta protestanteek osatutako Gobernu bat osatzearen aurka azaldu da, IRA erakunde armatuak ekintza militarrak bertan behera utzi eta armategi guztia bueltatu arte.

Irlandako autonomia 2002ko urriaz geroztik dago etenda, IRAk Stormoten ustez egin zuen espioitza kasu bat dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.