ESPAINIAKO GOBERNU ERAKETA

Ostiralean egingo da Pedro Sanchezen inbestidurarako bigarren bozketa

Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiak proposamen bat helaraziko die Podemos, IU eta Compromisi bere hautagaitza babes dezaten. Asteartean hasiko da inbestidura saioa.

Pedro Sanchez, PSOEren Batzorde Federalean. PACO CAMPOS / EFE
2016ko otsailaren 29a
06:29
Entzun

Bihar hasiko da Espainiako Kongresuan Pedro Sanchez hautagai sozialista Espainiako presidente izendatzeko inbestidura saioa. Edonola, PSOEk Ciudadanosekin egin duen akordioak ez dionez gehiengo osorik emango, bigarren bozketa bat egin beharko dute diputatuek, eta Patxi Lopez Kongresuko presidenteak jakinarazi du ostiralean izango dela. Hasiera batean larunbatean egitekoa zen, baina PP kontra agertu zen, Kongresuko araudia ez zuela betetzen argudiatuz. Lehen bozketa asteazkenean egingo da, 21:00etan, eta bigarrena egiteko gutxienez 48 ordu pasatzen utzi behar dira.

Ciudadanosekin akordioa lotu ondoren, gaur eskua ezkerrera eman du Sanchezek. Esan du eginiko akordioarekin "koherentea" izango den eskaintza bat luzatuko diela PSOEk Podemos, IU eta Compromisi, alderdi horiek Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzea edo gutxienez abstenitzea helburu. PSOEk Batzorde Federalaren bilera egin du goizean, militanteek bozkatu ostean Ciudadanosekin eginiko ituna berresteko, eta bertan eman du proposamenaren berri.

Espainiako Gobernuko presidentea aukeratzeko inbestidura saioa bihar hasiko da Diputatuen Kongresuan. Sanchezek bere hautagaitza defendatuko du, eta asteazkenean egingo dute lehen bozketa, eta gehiengo osoa beharko luke lehen bozketan presidente izenda dezaten. PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, 130 diputatu lituzke alde Sanchezek, gehiengo osora heltzeko 178 diputatuetatik urrun. Bigarren bozketan, gehiengo soila lortzea nahikoa luke, eta horretarako, PP edo Podemos abstenitzea behar du. Larunbatean dira bigarren bozketa egitekoak.

Sanchezek adierazi du bere proposamena "espainiarrek merezi dituzten ezkerreko politiketatik haratago" joango dela; besteak beste, larrialdi sozialerako neurriak indartu eta "lan eskubide guztiak berreskuratzea" proposatuko die; gainera, ustelkeriaren aurkako eta birsortze demokratikoaren, genero berdintasunaren, aukera berdintasunaren eta errefuxiatuekiko politiken aldeko neurriak eskainiko dizkie. Alderdikideei esan die "ezkerreko gobernu bat" osatzea gustatuko litzaiokeela, baina aitortu du diputatuen batura ez dela nahikoa eta horregatik egin behar izan dutela ituna Ciudadanosekin: "Aldaketaren aldeko indar guztiak behar ditugu garai berri honetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.