Ostiralean egingo dute hileta, hiru eguneko hil kaperaren ondoren

Jendea kalera atera da Caracasen Chavezen aldeko mezuekin. Hainbat ari dira eskatzen Simon Bolivarrekin batera lurperatzeko, parlamentariak barne. Ehundik gora agintari espero dituzte etzi hiletan. Bideoa: Antonio Lopez BERRIArentzat, bart, Caracasko Bolivar plazatik. [YouTube]http://youtu.be/ZLd9NzJbj7c[/YouTube]

2013ko martxoaren 6a
08:03
Entzun

Venezuelako Gobernua hasi da prestatzen Hugo Chavezen hileta. Bart gauean jakinarazi duenez, ostiral arratsaldean egingo diote hileta presidente ohiari. Aurretik hil kapera hiru egunez egongo da Caracasen. Mundu osoko zenbait agintarik iragarri dute jada izango direla hiletan, gutxienez, ehundik gora, tartean, Hego Amerikako guztiak eta ziurrenik Mahmud Ahmadineyad Irangoa.

Hil kapera armadako akademian jarri dute, gaurtik, "hori delako iraultza bolivartarraren sorlekua, Chavez presidentearen jaiolekua", gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Dolu egunak zazpi izango dira Venezuelan. Gaur ospitaletik segizioan eraman dute gorpua akademia militarrera, eta harmailak jarri dituzte herritarrek ikus dezaten.

Jendea, kalean

Heriotzaren berri jakin denetik, jende asko atera da kalera Venezuelan Chavezen aldeko pankarta, elastiko eta mezuekin. Antonio Lopez zuzenean ari da Caracastik BERRIArentzat, eta haren argazkiak ikusgai jarri ditu Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak Berriketan.info sare sozialean.

Dolua eta samina Venezuelatik haratago izango da. Argentinan ere hiru dolu egun izango dira, Cristina Fernandezek horrela aginduta. Buenos Airesen milaka herritar atera dira kalera Chavez gogoratzera. Bolivian astebeteko dolua izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.