Katalunia

Ostiralean egingo dute Kataluniako presidentea hautatzeko bilkura

Borrasek adierazi du «aukera gehien dituen» hautagaia izendatuko duela inbestidura saiorako. ERCk eta CUPek akordiorako oinarri bat adostu dute Aragones presidente egiteko, eta Esquerraren eta JxCren arteko negoziazioak aste honetan ixtea espero dute.

Pere Aragones da presidente izateko aukera gehien dituen hautagaia. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 22a
12:34
Entzun

Kataluniako Parlamentuko presidente Laura Borrasek adierazi du ostiralean egingo dutela Generalitateko presidentea hautatzeko bilkura. «Aukera gehien dituen» hautagaia proposatuko duela azaldu du, baina ez dute aurreratu hori nor izango den. ERCk eta CUPek atzo sinatu zuten Pere Aragones inbestitzeko aurreakordioa, eta espero du ordurako adostasun bat lortzea Esquerrak JxCrekin martxan dituen negoziazioetan. Halere, Borrasek ez du ezer jo egintzat: «Ez da nahikoa hautagai izan nahi hutsa; inbestitzeko aukera onargarri bat izan behar duzu».

Borras datozen egunetan bilduko da parlamentua osatzen duten talde guztiekin, hautagai bakoitzaren egoera aztertzeko, eta ostegunean emango du aukera gehien dituenaren izena. Denen artean izen bat gailenduko da, ustekaberik ez bada: Pere Aragones. ERCko buruak eskura du presidentetza, atzo CUPekin erdietsitako aurreakordioa tarteko. Halere, CUPen biltzarrak baietza eman behar dio, asteazkenean. 

Bi aldeek adostutako aurreakordioaren arabera, «eraso demokratiko berri bat egiteko beharrezko baldintzak» prestatzera konprometitu dira, «ahal dela, erreferendum moduan». Halere, ERCk egungo «negoziazio prozesua» mantentzearen alde egingo du aurrerantzean ere, «Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka modu demokratikoan konpontzeko».

Horrek guztiak aurrera egin dezan, baina, ERCren eta JxCren arteko negoziazioek ere ostirala baino lehen eman beharko lukete fruituren bat. Halakorik gertatu ezean, hautagai errealik gabeko bilkura bat egin beharko lukete, iaz Qum Torra presidente ohia inhabilitatu ostean gertatu bezala. Horrek bi hilabeteko epea emango lieke alderdiei adostasun bat eskuratzeko. Negoziazio horiek porrot eginez gero, berriz ere hauteskundeak egin beharko lirateke Katalunian. 

Aukera hori ez dute mahai gainean jarri nahi alderdi independentistek. Generalitateko bozeramaile Meritxell Budok (JxC) adierazi du ERCren eta JxCren arteko elkarrizketek «behar adina» iraungo dutela «akordio solido bat» eskuratu arte. Hala, Catalunya Radion eginiko elkarrizketan, adierazi du negoziazioen inguruko informazio gutxi argitaratzea «sintoma on bat» dela. Akordioa gertu ikusten du ERCko Laura Vilagrak ere. Bere alderdiak CUPekin adostutako aurreakordioaren ostean, ostiraleko bilkura baino lehen, JxC ere batuko dela uste du. ERCko kidearen arabera, gobernuaren osaera eta bakoitzak izango duen rola adostea besterik ez zaie falta.

Bi alderdien arteko desadostasun nagusietako bat da zer rol bete behar duen Carles Puigdemont presidente ohiak zuzentzen duen Errepublikaren Kontseiluak. JxCk erakunde hark orain arte eginiko lana txalotu du, eta Kataluniako afera nazioartera zabaltzeko ezinbesteko tresna gisa irudikatu. ERCk, berriz, uste du hark «bere rola» izan behar duela, baina Generalitatea «baldintzatu» gabe. «Hau ez du ERCk bakarrik uste, baita CUPek ere», adierazi du Vilagrak. Halere, uste du gai horrek ez dela izango Kataluniako Gobernua osatzeko eragozpen: «ERCk Artur Masen, Carles Puigdemonten eta Quim Torraren inbestidurak babestu ditu. Beraz, ziur nago JxCk gauza bera egingo duela ERCren hautagaiarekin».

Etxegabetzeak eta foama

ERCren eta CUPen arteko akordioak, independentzia prozesuaren inguruko puntuez gain, beste eremu ugari ere jorratu ditu. Besteak beste, etxegabetzeen aurkako protokolo bat ezartzea hitzartu dute. «Etxebizitza eskubidearen defentsa» bi alderdiek aldarrikatzen duten oinarrietako bat dela adierazi du ERCk, eta gaineratu adostutakoa lehen pauso bat dela, epe ertainera «eredu aldaketa bat» gauzatzeko bidean. Era berean, Osasun Sailak jasoko duen aurrekontuaren %25 lehen mailako arretara bideratzea ere adostu dute. Hala, lehen arreta osasun sistema publikoaren «erdigunera» eraman nahi dute alderdiek. 

Mossoen jarduna ere izan dute hizpide bi aldeek, eta, foam jaurtigaien inguruko araudi berria onartu bitartean, horien erabilera debekatzea adostu dute. Izan ere, uste dute «ezinbestekoa» dela aldaketak egitea segurtasun indarren ekiteko moduan. Horretarako, batzorde parlamentario bat sortuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.