Mundua

Otsailaren 19an hauteskundeetara deitu dute Grezian

Trantsizioko gobernua osatuta, agintea utziko du Papandreuk. Trantsizio gobernuak lehenbailehen hartu nahi ditu murrizketa neurri gehiago, urriaren 26ko akordioan hitz emandakoa betetzeko.

2011ko azaroaren 7a
11:37
Entzun

GIorgos Papandreu Greziako lehen ministroak agintea utzi du bart, sozialistek eta kontzerbadoreek trantsizioko gobernu bat osatzeko akordioa hartu ostean. "Papandreu ez da gobernu berriaren buru izango", esan du Greziako lehendakaritzak. Otsailaren 19an hauteskundeetara deitu dituzte greziarrak.

Samaras eta Papandreu gaur berriro bilduko dira atzo hartutako akordioa fintzeko. Samarasek garbi utzi zuen aurreko astean batasun nazionaleko gobernu batean parte hartzeko baldintza zela Papandreuren dimisioa. Lukas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia da lekukoa hartzeko hautagai nagusia.

Trantsizioko gobernuak urriaren 26ko akordioa berrestea eta hauteskundeak deitzea izango du helburu. Zorraren erdia barkatzea eta 130.000 milioi euroko erreskatea adostu zuten Greziak eta Bruselak, baina horretarako murrizketa neurri gehiago hartu beharko ditu gobernu berriak. Bihar Evangelos Venizelos Finantza ministroak ordezkatuko du Grezia Eurogunearen bileran.

Datorren urteko aurrekontuei ere egin beharko die aurre gobernu berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.