Pakistan

Otsailaren erdirako hauteskundeak agindu ditu Musharrafek

Halaber, berriro presidente kargua hartu baino lehen armadaburu izateari utziko diola hitzeman du. Benazir Bhutto oposizioko buruarentzat, ordea, ez da aski presidenteak agindutakoa.

2007ko azaroaren 8a
17:22
Entzun
Hauteskunde orokorrak datorren urteko otsailaren erdialdera egingo direla agindu du Pervez Musharraf Pakistango presidente eta armadaburuak. Era berean, berriro presidente kargua hartu baino lehen armadako buru izateari utziko diola hitzeman du. Hainbat analistaren iduriko, nazioarteko komunitatearen presioaren ondorioz hartu ditu erabaki horiek Musharrafek, azken egunetan hartu dituen neurri autoritarioen odez -salbuespen egoera jarri zuen indarrean larunbatean- demokrazirako urratsak egiteko galdegin baitiote.

Hala ere, Benazir Bhutto lehen ministro ohi eta oposizioko buruaren iduriko ez dira nahikoa Musharrafek iragarritako neurriak. Aitzitik, armadaburu eta armadako kide izateari berehala utz diezaiola exijitu dio. Zehazki, armada azaroaren 15a baino lehen uzteko eskatu dio, hots, Musharrafek berak lehenago hitzemandako epean.

Bestalde, salbuespen egoera ezarri zenetik Bhuttoren PHA Pakistango Herri Alderdiko milaka kide atxilotu dituztela salatu du gaur alderdiko bozeramaile batek; Lahore hirian bakarrik alderdiko 900 bat kide atzeman dituztela.

Nolanahi ere, Musharrafek erabakitako salbuespen egoeraren kontrako jarrera berretsi du PHAk, eta, horrenbestez, Bhuttok berak atzo emandako ultimatuma: Musharrafek salbuespen egoera bertan behera uzten ez badu, manifestazio handi bat antolatu dute hilaren 13rako, Lahoretik Islamabad hiriburura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.