Juan Alberto Fuentes Oxfam Internationaleko presidentea atxilotu egin dute, Guatemalan, herrialdeko fiskal nagusiak jakinarazi duenez. Polizia operazio berean atxilotu dituzte Alvaro Colom Guatemalako presidente ohia eta Salvador Gandara Gobernazio arduradun ohia ere. Fuentes Finantza ministro izan zen 2008. eta 2010. urteen artean, Colom presidente zela.
Atxilotuei ustelkeria delituak leporatzen dizkiete, garraio publiko eredu berri baten ezarpenari lotuta.
Oxfam Internationalek 2015ean izendatu zuen Fuentes elkarteko presidente, erakunde "globalagoa, dinamikoagoa eta eragin handiagokoa" bihurtzeko asmoz.
Fuentesen atxiloketa beste kolpe bat da Oxfamen irudiarentzat. Joan den ostiralean jakin zen erakundeko hainbat boluntariok prostitutak kontratatu zituztela Haitin, 2010eko lurrikararen ondoren; zenbaitetan, elkarteak ordaintzen zituen egoitzetan orgiak antolatzeko. Hori dela eta, Penny Lawrence elkarteko zuzendariordeak dimisioa eman zuen, atzo.