Aurrera jarraitzen du Derek Chauvin polizia ohiaren aurkako epaiketak, George Floyd afro-amerikarraren hilketagatik. Martin Tobin pneumologo eta zaintza berezietan aditua denak deklaratu zuen atzoko saioan, eta, haren arabera, drogen kontsumoak ez zuen zerikusirik izan Floyden heriotzan. Aldiz, heriotza eragin zioten beste lau arrazoi zehaztu zituen: Chauvinek ezkerreko belauna hainbat minutuz Floyden lepo gainean eduki izana, gizona buruz behera eduki izana tarte horretan, eskuineko belauna bizkar gainean zuen bitartean, eta eskuburdinek eragindako presioa.
«Oxigeno faltagatik hil zen Floyd», berretsi zuen medikuak, fiskaltzaren argudioekin bat eginez, eta defentsako abokatuarenak baztertuz. Azken horren argudio nagusia da droga kontsumoak zuzeneko eragina izan zuela heriotzan, izan ere, fentanilo eta metanfetamina arrastoak aurkitu zizkioten soinean. Tobinen iritziz, baina, pertsona osasuntsu bat ere hil egingo zen, egoera berean jarriz gero: «Floydek erritmo normalean hartzen zuen arnasa konortea galdu aurretik, eta, aldiz, gaindosi bat jasan izan balu, haren erritmoa mantsoagoa izango zatekeen».
Tobinekin bat etorri zen Louisvilleko Polizia Departamentuko kirurgialari Bill Smock ere, zeinak nabarmendu baitzuen bideo irudietan Floyd erne ageri dela atxiloketaren unean, eta hori ikusita bazter daitekeela gaindosi baten ondorioz hil izana.
Maiatzaren 25ean hil zuten George Floyd, 46 urteko gizonezko afro-amerikarra. Hura atxilotzen parte hartu zuten lau poliziak, Derek Chauvin, Thomas Lane, J Alexander Kueng eta Tou Thao kargugabetuta eta auzipetuta daude egun; Fiskaltzak bigarren graduko erailketa eta bigarren graduko giza hilketa egozten dizkio Chauvini —40 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete—, eta hari lagundu izana beste hirurei.