Oztopoz beteriko agintaldia

Hamasek duela urtebete irabazi zituen Palestinako Legebiltzarrerako bozak; garaipen zabala izan arren, ez du agintaldi erraza izan, okupazio, blokeo eta Al Fatarekiko lehiagatik

2007ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Iazko urtarrilaren 25ean ezusteko ederra hartu zuten Palestinako Aginte Nazionalean jaun eta jabe zen Al Fata alderdiko kideek, Israelek eta nazioarteak. Palestinarrek beraiek ere, askok Al Fataren kudeaketarekin nekatuta egonda ere, ez zuten espero Hamasek Palestinako Kontseilu Legegilerako (Legebiltzarra) bozak irabazterik, are gutxiago gehiengo absolutuz. Legebiltzarreko 132 diputatuetatik 74 lortu zituen; Al Fatak 45 lortu zituen. Aro berri baten hasiera zen, baina PANeko Gobernua osatu ahala, aurrez aurre izan zituen Israel, Europako Batasuna etaAEBak. Al Fata ere hein handi batean kritiko, eta kalean aurkari, izan du urtebete honetan. Lehenengo hirurek ezarritako blokeoari, eta azken horrek okerragotutako egoera ekonomikoari aurre egiteko, batasun nazionaleko gobernua eratzeko prest agertu zen Hamas hasieratik.

Al Fatarekin eta beste alderdi batzuekin saiatu zen, baina sei hilabetez eginiko bilerek ez dute oraindik helburua lortu. Dena den, iragan igandean Hamaseko buru Khaled Meshaalek eta Al Fatako buru eta PANeko presidente Mahmud Abbasek Damaskon bildu ondotik, atzo talde palestinar nagusietako ordezkariek erabaki zuten batasun nazionaleko gobernuaren plataforma politikoaren ildoak zehaztuko duen batzordea osatzea. Eztabaidatu beharreko auzien agenda ere hitzartu zuten. Batasun nazionaleko gobernua eratzea, PAE Palestina Askatzeko Erakundea aktibatzea, sindikatuen demokratizazioa eta erresistentzia fronte batua osatzea dira agendako gaietako batzuk.

Egoera latzak herritarren iritzia aldarazi duen seinale, egunotan Palestinako Iritzi Publikoko Zentroak kaleratutako inkestak dio batasun nazionaleko gobernua osatu ezean Gaza eta Zisjordaniako palestinarren %59,4 Presidentetzarako bozak aurreratzearen alde daudela, eta %60,7 Legebiltzarrerakoak aurreratzearen alde.

Bitartean, kalean, Israelgo armadak langile palestinar bat hil eta beste bi atxilotu zituen atzo Gaza inguratzen duen hesia igarotzen saiatzen ari zirela. Zisjordanian, beste 40 palestinar atxilotu zituzten, nagusiki Belen eta Ramalan. Erresistentziak, bestalde, bost kohete jaurti zituen Israelgo armadaren base baten (Gazan) eta bi herri israeldarren aurka.



BOZAK IRABAZTETIK BARNE GATAZKARA. PANen zuen nagusitasuna kendu zioten Al Fatari duela urtebete Gaza eta Zisjordaniako (Eki Jerusalem barne) palestinarrek, Hamasek aurkeztutako Aldaketa eta Erreforma zerrenda bozkatuta. 1987an sortutako erakunde islamista-nazionalista dudatan ibili zen hauteskundeen aurretik, aurkeztu ez aurkeztu. Baiezkoaren alde egin zuen, eta Israelgo armadak eta Poliziak kanpainan oztopo franko jarri arren, gehiengo absolutua eskuratu zuen. Al Fata zentroko erakunde nazionalista laikoari PAN kudeatu zuen 10 urteetan okupazioari behar bezala aurre ez egitea, PANeko Polizia Israelekin erresistentziaren kontra elkarlanean aritzea eta ustelduta egotea leporatu zioten askok.

Nazioarteko behatzaileek bozak «garbiak eta demokratikoak» izan zirela nabarmendu zuten, baina Hamas gobernua osatzen hasi ahala, aurka jarri zitzaizkion Tel Aviv, Brusela eta Washington. Hamasek lehen ministro izendatu zeun Ismail Hania, eta honek eta honen gobernuak martxoaren 28an hartu zituzten karguak.

Lehenago, otsailaren 18an, The New York Times egunkariak adierazi zuen Hamasen gobernuaren kontrako «ezegonkortze plana» zutela Israelen aliatuek, «bereziki diru arloan», PANi diru laguntzak etenda Hamasi palestinarren begietan zilegitasuna kentzeko.

Israel, EB eta AEBak exijentziak egiten hasi zitzaizkion Hamasen gobernuari. Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek PANeko lehen ministroa «jomugatzat» hartuko zuela ohartarazi zuen, honen gobernua ez baitzen prest agertu PANeko aurreko agintariek Tel Avivekin sinatutako akordioak errespetatzeko, Israelen izaera onartzeko eta erresistentzia eskubideari uko egiteko. Hamasek esan zuen ezin zituela inolaz ere onartu bere mugak zehaztu gabe dituen estatu bat ezta honek palestinarrei 1948tik ezarritako okupazioa ere. Herritarren botoa errespetatzeko eskatu zion nazioarteari.

Hain justu, 2005eko urtarriletik PANeko presidente den Mahmud Abbasek PAEk eta aurreko gobernuak Israelekin sinatutako akordioak ez betetzea egotzi zion Hamasi. Atzo, Al Fatako eledun Jamal Nazzalek PANeko instituzioetan bere kideak «legez kanpo» jartzea leporatu zion Hamasi. Honek ukatu egin zuen.

Israel, EB eta AEBen boikot politiko eta ekonomikoak -beste estatu batzuek ere blokeoan lagundu zuten- okertu egin zuen palestinarren egoera. Gainera, PANeko milaka funtzionario eta langile beren soldatak ezin kobraturik ibili ziren, eta Al Fatari lotutako sindikatu batzuek greba luzea egin zuten Hamasen gobernuari beren soldatak ordaintzeko exijitzeko.

Hamasen adar armatu Izzeddin Al Kassem Brigadek 2005ean hitzartutako su-etena errespetatu zuten neurri handi batean, beste talde batzuek erasoekin jarraitu bazuten ere. Israelgo armadak, anartean, okupazioarekin, banaketa hesia eraikitzen, palestinarrei lur gehiago kentzen eta hauen etxebizitza zein azpiegiturei erasotzen segitu zuen. Gainera, ehunka palestinar hil, zauritu eta atxilotu zituen. Hamaseko 30 bat diputatu eta ministro ere atxilotu zituen.



AL FATAREKIKO BORROKAK. Israelgo Gobernuak Jerusalemgo Hamaseko diputatuak handik kanporatzea erabaki zuen apirilean. Halaber, PAN «aurkako entitate» gisa sailkatua izatetik «entitate etsaia» sailkatzera igarotzea aztertu zuen, baina azkenean ez zuen aldaketa gauzatu. Halere, Abbasengan aliatua aurkitu zuten Mendebaldeko botereek, eta Hamasen gobernu zilegiari ukatzen ziotena hari neurri batean ahalbidetzen zioten. Izan ere, Abbas prest agertu zen Osloko Akordioekin eta Errepide Maparekin segitzeko, nazioarteko legeriak okupazio baten aurrean zilegitzat jotzen duen erresistentzia armatuari uko egitearekin batera.

Blokeoak batez ere Gazako palestinarren egoera larriagotuzuen, baina Al Fata eta Hamasen artean zegoen tentsioa areagotzen ere lagundu zuen, Gazako kaleetan manifestazioak, liskarrak, tiroketak, bahiketak eta hilketak ere eragiteraino. Batasun nazionaleko gobernua osatzeko hainbat elkarrizketa egin zituen Hamasek Al Fatarekin, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontearekin eta beste talde batzuekin. Baina egundaino ez dute akordio finkorik lortu. Horretaz baliatuta, Abbasek PANeko Gobernua desegingo zuela erabaki zuen abenduan, baina bai Hamasek bai Al Fatako sortzaile Faruk Kaddumik horri aurre egin zioten. Erabakia Palestinako oinarrizko legearen aurka zihoala eta Abbasek horretarako eskumenik ez zuela nabarmendu zuten hainbat legegile palestinarrek.

Nolanahi ere, oso litekeena da Mendebaldeak Hamas barne hartuko lukeen batasun nazionaleko gobernuari Hamasi eginikoaren antzeko exijentziak egitea. Eta ez Hamas ez FPLP ezta beste talde batzuk ere ez daude prest erresistentzia eskubideari uko egiteko eta Israelen okupazioa onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.