Oztopoz beteriko bidea

Frantzian eskuinaren presidentegai izateko kanpaina zaildu diote Sarkozyri aholkulari ohi baten liburuak eta ustelkeria akusazioek

Nicolas Sarkozy, iparraldeko Marcq-en-Baroeul hirian, primarioetarako kanpaina ekitaldi batean. THIBAULT VADERMERSCH / EFE.
mikel rodriguez
2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Oztopo handiak gainditu beharko ditu Nicolas Sarkozyk bere alderdiak azaroan Frantziako presidentegai izenda dezan. Errepublikanoen alderdiaren primarioetarako kanpaina hasi baino ez da egin, baina presidente ohiaren iraganeko kontu ilunek bidea zaildu diote. Zalaparta handiena Sarkozyren hurbileko aholkulari izandako batek presidente ohiari buruz argitaratutako liburuak sortu du. Bertan kontatu du Sarkozyk FN Fronte Nazionalarekin izan duen harremana hurbilekoa izan dela, eta alderdikideen eta arerio politikoen aurka ustez egindako azpijokoak eta irainak argitaratu ditu. Horrez gain, Sarkozyren agintaldian (2007-2012) zerbitzu sekretuen buruzagi izan zena inputatu du epaile batek ustelkeria kasu batean, eta 2007ko eta 2012ko presidentetzarako kanpainen finantzaketa ilunen inguruko datu gehiago argitaratu dituzte Frantziako hedabideek.

Patrick Buisson Sarkozyren aholkulari izandakoak atzo argitaratu zuen liburua, baina L'Express aldizkariak asteartean aurrerapen bat kaleratu zuenetik piztu da sua. Buissonen arabera, Sarkozyk 2007an UMPko alkateei eskatu zien laguntza emateko Jean-Marie Le Pen FNko liderrari, presidentetzara aurkezteko behar bertze sinadura lor zitzan. Buissonek dioenez, bertze behin Sarkozyk eskatu zion Le Penekin harremanetan paratzeko, eta eskuin muturreko liderrari hitzeman zion hauteskunde legea aldatuko zuela FNri mesede egiteko; Sarkozyk presidentetzarako bozak irabazi ondoren, ordea, ez zuen promesa bete.

«Balio komunak FNrekin»

Buruzagi eskuindarra azken urteotan FNren diskurtsoa bereganatu nahian ibili da zenbait arlotan —bereziki immigrazioarekin, islamarekin eta segurtasunarekin zerikusia dutenetan—, baina, Buissonen arabera, Sarkozyk eskuin muturrari erakutsitako abegia aspaldikoa da. «Fronte Nazionalaren balioak Frantziako herri guziaren berberak dira, kontua da FNk duen solas egiteko moduak sortzen duela harridura. Frantziako herriak ez ditu gustuko ahoa erretzen duten plater biziegiak». Buissonen arabera, Sarkozyk bilera batean erran zuen hori 2005ean, Barne ministro zenean. 2012an, berriz, presidente zenean, François Fillon lehen ministroarekin haserretu zen, Fillonek erran zuelako FNren balioak ez zirela bateragarriak eskuinarekin. «Zertaz ari da Fillon? Balio komunak dauzkagu FNrekin, noski».

Inguruko politikariekin zuen harremanaren inguruan, berriz, Buissonek dio Sarkozyk erran zuela Jacques Chirac presidente ohia «inoiz ikusitako pertsona ustelena» zela, eta 2006an Dominique de Villepin lehen ministroari azpijoko bat egin ziola. Gatazkatsua zen lan erreforma bat onartu zuen De Villepinek, eta Sarkozyk Barne Ministeriotik Poliziari agindu zion uzteko Parisko kanpoaldeko auzoetan protestan ari zirenei hiriaren erdigunera ailegatzen. «Poliziak egoera kontrolpean hartu eta Sarkozy berehala agertu zen kameren aitzinean, lehen ministroarekin konparatuta berak egoera ongi kudeatu zuela erakusteko».

2012ko hauteskundeak galdu ondoren, Buissonek Sarkozyren aholkulari izateari utzi zion, eta handik bi urtera presidente ohiak salaketa paratu zion, jakin baitzen aholkulariak bien arteko elkarrizketak grabatuta zeuzkala baimenik gabe. Sarkozyrentzat unerik mingarrienean hartu du mendekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.