Minbiziak jota, ala pozoitua. Pablo Neruda Txileko poeta zeren eraginez hil zen aztertuko dute auzitegi mediku talde batek, tartean Francisco Etxeberria Aranzadi elkarteko presidenteak. Atzo hasi ziren lurrak mugitzen, eta gaur atera dituzte arrastoak hilobitik.
1973ko irailaren 23an hil zen Neruda, eta hamabi egun lehenago eman zuen Augusto Pinochet militarrak Salvador Allende Txileko presidentearen aurkako estatu kolpea. Prostata minbizia zuen Nerudak, baina zalantzak daude heriotza minbiziak eragin ote zion; haren auto gidari eta lagun Manuel Arayak defendatu izan du diktadurako zerbitzuek pozoitu zutela poeta.
Gaur goizean aterako dituzte Neruda zenaren aztarnak hobitik, Euskal Herrian eguerdia dela. Txileko Alderdi Komunistako presidente Guillermo Teillier, alderdi horretako abokatu Eduardo Contreras, Neruda zenaren hiloba Rodolfo Reyes eta Araya bera izango dira arrastoak ateratzeko unean. Txileko Isla Negra herrian dago lurperatua poeta, haren etxea zenaren eta egun museoa den etxartean.
Etxeberria, Zigoititik Txilera
Francisco Etxeberria izango da arrastoen azterketan parte hartuko duen auzitegi medikuetako bat. 2011n, Salvador Allenderen arrastoak hobitik ateratzeko lanetan parte hartu zuen Etxeberriak. Txileko presidente zenak estatu kolpearen egunean bere buruaz beste egin zuela dioen bertsioa baieztatu zuten ikerketarekin. Horrela, baztertu egin zituzten beste teoria batzuk, militarrek Moneda jauregia hartu zutenean tiro egin ziotenaren ustea, kasu.
Zigoitian (Araba) Perezagua batailoiko hamabi milizianoren gorpuak hobitik atera zituzten joan den ostegunean, eta lan horretan parte hartu eta gero joan zen Etxeberria Txilera.