Pakistango eta AEBetako ordezkariek sinatu dute NATOko konboiek Pakistango bideak baliatzeko akordioa. Dokumentuak zehazten duenez, konboi horiek ezingo dute karga hilgarririk garraiatu. Hau da, ez dute ez armarik eta ez muniziorik eramaterik izango. Hala ere, salbuespena egingo da Afganistango indar armatuen hornikuntzari dagokionez. Pakistango agintariek uko egin diote azkenean aliatuen hornikuntzagatik zergak kobratzeari. Akordio berriak 2004tik zegoena ordezkatu du, eta 2015era arte egongo da indarrean, tropa aliatuak 2014rako Afganistandik erretiratzea espero den arren.
Uztail hasieran ekin zioten berriro NATOko konboiek Pakistango bideak gurutzatzeari, zazpi hilabetez itxita egon ondoren. NATOk 2011n Pakistango 24 soldadu hil zituelako erabaki zuen Islamabadek bideak ixtea. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek barkamen eskaera ofiziala egin ordez «sentitzen dugu» formula erabiltzea nahikoa izan zen Pakistanek bideak berriro irekitzea erabakitzeko.
Pakistan eta AEBek NATOko konboien akordioa egin dute
Afganistango indar armatuak hornitzeko ez bada, ibilgailuek ez dute karga hilgarririk garraiatzerik izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu