«Kopuru handiko bi gerrillari talde Afganistanen sartzera zihoazela ohartu gara; jazarle multzo hauek zaintzapean eduki ditugu eta euren ibilbidean jarraitu Afganistanen sartu diren arte; orduantxe, oldar egin diegu Paktika probintziaren Barmal barrutian», zehazten zuen ISAFek atzo zabaldutako argibide oharrak. Gerrillari talibanei «airez eta lurrez, modu bateratuan eraso egin» zietela argitzen zuen NATOko indarraren agiriak, eta hauxe zehazten zuen borroka hauen ondorioez: «Egindako zenbaketaren arabera, 150 matxino hil dira».
Datu hauek, baina, ez ziren bat etorri Afganistango Defentsa Ministerioak zabaldutako balantzearekin, honen arabera, 80 gerrillari islamista hil baitzituzten borroketan. Ministerioko eledun Zahir Azimi jeneralak zehaztu zuen Afganistango indar armatuek Kabul hiriburutik 200 kilometro hegoaldean gertatutako guduka horietan parte hartu zutela.
Pakistango Waziristan probintziaren mugatik bi kilometrotara soilik dagoen eskualde horretan Kabulgo indar armatuen buruzagi Murad Ali jeneralak azaldu zuenez, armaz eta munizioz betetako hainbat kamioirekin sartu ziren talibanak Afganistanen.
«Matxino hauen helburua zen, argi eta garbi, ISAFeko tropei eta Afganistango Armadari oldar egitea», adierazi zuen NATOko indarraren eledun Ian Clooney komandanteak, Kabulen. «Eraso honi aurrea hartu diogu. Pakistanekiko mugaren eskualde hauek zorrotz zaintzen ditugu; horretan dihardugu egunero». «Herrialde auzoko armadaren loturarako militarburuei unean-uneko argibideak eman dizkiegu, prestatzen ari ginen erasoaldiaz», zehaztuta zegoen, halaber, ISAFek plazaratutako argibide oharrean.
MUGAN MINAK JARTZEARI GAITZIRITZIA. NATOko indarrak Afganistango hegoaldeko eta hego-ekialdeko mugan dauden probintzietan segurtasunaren ardura iazko azaroan hartu zuenetik lehen aldia da, dena den, ISAFek argi esaten duena talibanak Pakistandik sartzen direla.
Paxtu herria erdibitzen duen muga honen Pakistango aldean gerrillari islamisten aurka Islamabadek ezer gutxi egitea salatu izan dute behin eta berriro Kabulgo gobernu agintariek.
Altabada, Pakistango Gobernuak orain dela gutxi mugalde hori hesi bat eratzearekin eta minak jartzearekin segurtatzeko asmoa gaitzetsi dute, bai Afganistango Gobernuak, bai NATOk.
«Kezka handiak dauzkagu egitasmo honi buruz», adierazi zuen atzo NATOko eledun batek. Gainera, minak jartzearen aurkako konpromisoa aldarrikatzen duen Ottawako Itunaren sinatzaile diren NATOko 26 estatuetatik 25.a Pakistan dela azpimarratu zuen.AEBak dira itun hau izenpetu ez duten NATOko kide bakarrak.
Minak jarrita mugak segurtatzearen kontra dagoela Nazio Batuen Erakundea bera ere azpimarratu zuen Aliantza Atlantikoko bozeramaileak, eta zehaztu zuen gai minbera hau hizpide izango dela Afganistan, Pakistan etaNATOko goi ordezkari militarren artean atzo hasiera eman zioten bileran.
Bilkura honen ardatz nagusia, dena den, Afganistanen gerrilla talibanaren sendotzeari nola aurre egin izango da. 2001eko urrian, AEBen inguruan osatutako koalizio militarrak gerrillari islamistak Kabulgo gobernutik kanporatu zituenetik urterik odoltsuena izan da 2006.a. Iaz, 4.000 lagun hil ziren indarkeriagatik, hauen artean atzerriko 170 militar.
DaTua
20
Desplazatuen heriotza. 2005eko urriaren 8ko lurrikarak Pakistanen menpeko Kaxmirko beren etxeetatik alde egitera behartutako herritarretatik 20, umeak guztiak, pneumoniak eta disenteriak jota hil dira egunotan, Mansehra barrutian.Zentzugabeko
mugarenondorioak
AEBen eraso militarrak 2001eko amaieran Kabuldik egotzi zituen talibanak; hauei mesede handia egiten die Paxtu herriaren lurra erdibitu duen mugak.a. s.
Potentzia kolonialen jokaera zitalaren ondorioak nabarmen agertzen dira mundu zabalean odola erruz isurarazten duten gatazketan. Horrela da, esaterako, Afganistanen eta Pakistanen artean 1947. urtean finkatu zuten mugaren inguruan gertatzen denarekin. Erresuma Batuaren menpekotasunetik askatu berria zen Indiatik odolean banatzearekin sortu egin zen Pakistan. Afganistanek, berriz, Erresuma Batuaren menpekotasunetik askatzea lortua zuen 1919tik.
1947an Pakistan sortzearekin finkatutako mugak Paxtu herria erdibitu egin zuen, Afganistan aldean 6,5 milioi paxtu inguru geratu zirelarik, eta ia kopuru bikoitza sortu berriko herrialde auzoan. Paxtuak Afganistango etnia nagusia izaki, aginte politikoaren jabe izan nahi izan dute beti. 1980. urtean Afganistan inbaditu zuen Sobiet Batasuneko armadaren kontrako borrokan ez baziren bakarrak izan, garaipena lortu zuten erresistentziako indarren arteko gerra zibilaz (1992-1996) baliatu ziren botereaz jabetzeko. Izan ere, 1996eko irailean Kabulen garaile gisa sartu ziren gerrillari taliban gehienak paxtuak ziren.
PAKISTANEK SUSTATU ZITUEN TALIBANAK. Ahmad Sha Massud komandantearen tadjikei eta beste etnietako gudukariei gailentzeko, Pakistanen laguntza nabaria izan zuten erlijio ikasleek. Ordutik aurrera, islamaren muturreko irakurketa batean oinarritutako diktaduraezarri zuten, AEBek 2001eko irailaren 11n jasan zituzten erasoek Washingtoni Afganistan inbaditzeko aitzakia eman zion arte. Gertakari honek ere jokaera aldaketa batera -itxuraz behintzat- behartu zuen Pakistango presidente Pervez Musharraf jenerala.
Musharrafek bat egin zuen Washingtonekin, AEBetako presidente George Bushek «terrorismoaren aurkako gerra» aldarrikatu zuenean. Hala, Ipar-mendebaldeko Mugaldearen Probintzia autonomoan bizi diren paxtu leinuak zaintzapean jartzeko agindu zuen. Agindu bai, gauzatu ez hainbeste, zeren eta lur horietan oso aginpide gutxi izan baitu beti Islamabadek. AEBen presiopean, haatik, Waziristango lurraldean eraso militarra manatu zuen Musharrafek, 2004 hasieran. Oldarraldi odoltsu hark areagotu du muturreko islamisten eragina Pakistanen.