Joan den maiatzaren 2an AEBetako indar bereziek Osama Bin Laden talibanen buruzagia Pakistanen hil zutenez geroztik Washingtonen eta Islamabaden arteko harremanak gaiztotuz doaz egunetik egunera.AEBek talibanen kontra ez aritzea leporatzen diote Pakistani, eta alderantziz, estatubatuarren esku hartzea behar baino handiagoa dela, batzuetan legez kanpokoa, Bin Laden hiltzeko bidea horren arrazoi. Gauzak horrela, Afganistango mugan Pakistango segurtasun indarrek Afganistango talibanak geldiarazteko lana mugatu egingo dutela jakinarazi du Pakistango Defentsa ministroak, Ahmed Mukhtarrek, AEBek diru-laguntzak murrizteko erabakiarekin aurrera egiten badute.
Talibanek indarra duten mugaldeko 1.100 postuetatik segurtasun indarrak kenduko dituztela mehatxu egin du Defentsa ministroak, eta datorren urratsa militarrak ateratzea izango dela, haren arabera, AEBek ematen duten partidaren zati handi bat ez baita gerrarako «beste zeregin batzuetarako» baizik.
AEBen diru murrizketak iragarri bezain laster Txina atera da esatera, Pakistan diruz laguntzen jarraituko duela «herri hartako eta inguruko garapena eta bakeak diruz laguntzea beharrezkoa»dutelako.
Aire eraso gehiago
Islamabad haserre dago AEBek gidaririk gabeko hegazkin erasoak nabarmen maiztu direnetik. Atzo modu horretara egindako hainbat ekintzatan gutxienez 36 lagun hil zituzten Ipar eta Hego Waziristanen, ustez ekintzaileak. Pakistango agintariek ez dutela horien berri salatu dute, eta ekintzaileez gain zibil askoren hilketa eragiten ari direla.
Pakistanek aktiboki hartu zuen parte AEBekin joan den urtera arte, baina estatubatuarrek Afganistandik tropak ateratzeko presa gehiago dutenetik Pakistanen hartu duten bidea ez dute gustuko. Bin Ladenen hilketaz geroztik ia etenda dituzte elkarri informazioa trukatzeko harremanak.
Pakistanek AEBei mehatxu egin die Afganistango mugako laguntza murriztuko diela
Washingtonek Islamabadi 800 milioi dolar emateko erabakia bertan behera uztearen ondorioa da iragarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu