Pakistanek zaildu egin ditu AEB Amerikako Estatu Batuek Afganistanen aurkako gerran zituen asmoak. Aurreko larunbatean, NATOk Pakistango 26 soldadu hil zituen, eta, horren eraginez, Pakistanek eten egin ditu AEBekin eta NATOrekin zituen harremanak. Hala, erasoa gertatu eta berehala, Pakistanek agindu zuen NATOk behar dituen gauzak eskuratzeko erabilitako errepideak ixteko, eta baita AEBetako armada hamabost egun baino lehen Shamsiko basetik kanporatzeko ere. Horrez gain, Pakistanek boikota egingo dio abenduaren 5ean Alemaniako Bonn hirian egingo den Afganistanen etorkizunaren inguruko biltzarrari.
Pakistanek hartutako neurriek AEBek Afganistanen aurkako gerrarako gune estrategikoa galtzea eragin dezakete. Orain arte, Pakistanen laguntza ezinbestekoa izan da NATOrentzat Afganistango mugei erasotzeko, baina Pakistanek AEBetako armada Shamsiko basetik botatzen badu, kokagune garrantzitsua galduko dute Afganistango mugan. Horrez gain, NATOri bideak itxita, AEBetako armadak talibanen gaineko kontrola galduko luke, Afganistanen aurkako gerra zailduz, izan ere, Pakistanen eta Afganistanen arteko mugan dute indar gehien talibanek.
Erasoak zaildu egingo du 2014. urterako soldaduak Afganistandik ateratzeko AEBek zuten asmoa. Barack Obama AEBetako presidentearen esanetan, larunbateko NATOren erasoa «zorigaiztoko gertaera» bat izan da, eta Pakistanekin dituzten harremanak «beharrezkoak» direla azpimarratu du. Pakistango lehen ministro Jusuf Raza Gilanik, ordea, ez ditu Obamaren hitzak onartu, eta bi herrialdeek orain arte izandako harremana aldatu egin dela esan du: «Gauzak ez dira orain arte bezala izango. AEBei laguntza emateko prest gaude, soilik elkar errespetatzen badugu. Ezin da gerrarik irabazi herriaren babesik gabe, eta orain, gobernuak lorpen handiagoak egin behar ditu Pakistango herritarrak pozik egon daitezen».
Gilaniren gobernuaren arabera, NATOren erasoa «neurtua» izan zen, eta ez istripua. Horregatik, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrekin, NATOrekin eta bereziki AEBekin adostutako programa, ekintza eta elkarkidetzak «berraztertu» egingo dituzte. Gilaniren esanetan, berandu baino lehen argituko dituzte hartutako neurri berriak.
Bake biltzarra
Afganistango etorkizunaren inguruko biltzarrari boikota eginez, Pakistanek presioa egin nahi du AEBen eta NATOren aurka. Dena den, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak jarrera aldatzeko eskatu dio Pakistani, haren parte hartzea «garrantzitsua» dela.
Ehun herrialdetako ministroak bilduko dira biltzarrean, 2014an NATO Afganistandik atera ondoren, herrialdearen geroa zein izango den eztabaidatzeko. Orain arte, NATOk Afganistanen dituen 130.000 soldaduek ez dute lortu talibanen indarra gutxitzea, eta Pakistanen laguntzarik gabe, zailagoa izango da Afganistango egoera egonkortzea.
Pakistanek AEBekin dituen akordioak berraztertuko ditu, NATOren erasoaren ondorioz
Islamabadek boikota egingo dio Afganistani buruz Alemanian datorren astean egingo duten biltzarrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu