Pakistango armadaren helikopteroek Hego Waziristango barrutian kokatutako Zamzolako eskualdean burutu zituzten erasoak goizeko 06:55ak inguruan. Afganistango Paktika eskualdearekin muga egiten du Hego Waziristan -Islamabad Pakistango hiriburutik 300 kilometro hego-mendebaldera dago-.
Shaukat Sultan Pakistango armadako eledunak trebakuntza gune horien berri zutela adierazi zuen: «Atzerritik etorritako eta eskualde horretako bertako 25-30 terrorista inguruetan zeudela genekien eta gune hauek zaintzapean genituen azken egunotan». Islamabadeko indar armatuen bozeramaileak ziurtatu zuen ekintzaile islamisten trebakuntza militarrerako hiru guneak deseginda geratu zirela erasoen ondorioz. Hildakoen kopuru zehatzik emateko ahalik ez zuela aitortu zuen jeneralak: «Bertan zeuden terroristetatik gehienak hil direla pentsatu daiteke». Pakistango soldaduen artean biktimarik ez zela izan ziurtatu zuen bozeramaile militarrak.
Pakistan eta Afganistango mugan kokatuak dauden leinuen eremuan indar armatuek burutu zuten azkenengo ekitaldi militar handia iazko urrian izan zen. Bajaurko barrutian kokatutako madrassa eskola koraniko baten aurkako aire erasoan 80 pertsona hil ziren orduan. Islamabadek azaldu zuen hildakoak «terroristak» zirela, baina lekukoek ziurtatu zuten, ostera, ikasle eta irakasle errugabeak zirela.
SUSMOAK ISLAMABADEN JOKAERAGATIK.Islamabadek ekintzaile islamikoen aurka tinko eta gogor ari dela agerian utzi nahi izan du beste behin. Pervez Musharrak jeneralaren aginteak «terrorismoaren aurkako koalizioan» parte hartzen du. Pakistan, 2001. urteko irailaren 11ko erasoen ostean, aliatutzat dute Ameriketako Estatu Batuek. Mendebaldeko herrialdeko inteligentzia zerbitzuek, alta, zintzo ez jokatzea leporatu diote Islamabadi. Al Kaeda erakunde islamistaren aurkako borrokan ari den aitzakian eraso gogorrak egin ditu Pakistanek. Zibilak hilda tartean.
Hala, hil honen 11n, AEBetako Senatuaren Inteligentzia batzordearen aurrean egin zuen agerraldian, Estatu Batuetako Informazio zerbitzuetako buruzagi goren John Negropontek hauxe adierazi zuen: «Terrorismoaren aurkako borrokan, laguntzaileen artean dugu Pakistan. Al Kaedako buruzagi andana atxilotu egin du; hala ere, muturreko islamismoaren iturri nagusietako bat izaten jarraitzen du oraindik ere». Islamabadeko gobernuak gogor salatu zituen hitzok. Shaukat Aziz lehen ministroak zera adierazi zuen: «Pakistan da, munduan, terrorismoaren aurka gehien ari den herrialdeetako bat».
Jokabide lausoetan ibili da, baina, Pakistan. Waziristango erakunde islamistetako buruzagiekin akordioak hitzartu zituzten iazko irailean eta 2004. urtean. Akordio hauen arabera, eskualde horietako leinuek armak edukitzeko eskubidea zuten, baina talibanei laguntzeari eta indar armatuei gogor egiteari uko behar zioten egin trukean. Paktika (Afganistan) eskualdean ustezko 150 taliban hil zituen iragan ostegunean NATOk. Atzo, aldiz, hamahiru taliban hil eta beste hamabi zauritu ziren Helmand eskualdean.
Robert Gates AEBetako Defentsa idazkaria, bestetik, atzo iluntzean iritsi zen Afganistanera. Hamid Karzai presidentearekin bildu zen bertan. Jaap de Hoop Scheffer NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin bildu zen aurretik Gates, Bruselan. Biek aditzera eman zuten talibanen erasoak areagotu daitezkeela aurten. Iaz lau mila lagun baino gehiago hil ziren herrialdean borroka eta erasoen eraginez. Washingtonek talibanak agintetik bota zituenetik urterik odoltsuena izan zen iazkoa. NATOk bere gain hartu zuen segurtasunaren gaineko ardura iaz eta egun 32.000 soldadu ditu Afganistanen.