Pakistanen armadaren eta gerrillari islamisten arteko indarkeriak euren bizilekuetatik haizatu ditu ehunka mila lagun. Herritar horietako askok urtebete daramate desplazatuta. Giza laguntzarako erakunde andana bateratzen duen PHF Pakistango Foru Humanitarioak berriki emandako datuen arabera, herrialde horretako 1,3 milioi herritar oraindik ere euren ohiko bizilekuetatik kanpo egotera behartuak daude. Egoera larri honek orain artekogorena jo zuen iaz, hiru milioi herritar lekuz aldatzera behartu baitzuen gatazkak.
Islamabadeko aginte federalaren menpeko indar armatuek erasoaldi handi bat hasi zuten 2009ko udaberrian Swaten. TTP Pakistango Talibanen Mugimenduko gerrillari islamistak jaun eta jabe ziren haranean, eta euren kontra egin zuen armada. Eraso horren aurretik ere, armadak eskualdeko ehunka mila herritar euren etxeetatik alde egitera behartu zituen. Hori egin ez zutenak ere ihesari ematera behartuak izan ziren nahitaez, armadak lurrez eta airez ekin baitzion erasoaldiari. Swat haranetik alde egin zutenei harrera egiteko gisan, iheslari guneak paratu zituzten agintariek, baina nabarmen geratu zen gauzak gaizki antolatuak izan zirela.
307.000 iheslari gehiago
Swateko haranean egoera apur bat baretzean handik ihes egindako gehienak etxeratu badira ere, gatazka beste eskualde batzuetan sumintzeak herritar gehiago lekuz aldatzera behartu du. Orakzai eta Kurrameko leinu eskualdeetan armadak berriki hasitako erasoaldien ondorioz, 307.000 lagun inguruk ihes egin behar izan du. Hego Waziristan eskualdetik ihes egindakoak 280.000tik gora dira, eta Bajaur eta Mohmand barrutietatik joandakoak bi bider gehiago.
PHFk ohartarazi du, bestalde, Nazio Batuen Erakundeak egoera honi aurre egiteko hitzemandako 405 milioi euroetatik, 81,5 milioi euro baino ez direla bildu, eta 47,5 milioi euro hitzemateko daudela oraindik.
Pakistanen 1,3 milioi lagun daude oraindik desplazatuta gerra egoeragatik
Swat haraneko iheslari gehienak etxeratu egin badira ere, beste milaka lagunek alde egin dute Orakzai eta Kurramtik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu