Atentatu franko egin zituzten atzo talibanek Pakistanen. Hainbat hiritan egin zituzten erasoak eta, orotara, 42 lagun hil ziren. Lahore hirian ia aldi berean hiru atentatu egin zituzten, bata bestearen atzetik, guztiak eraikin ofizialen kontra; indar polizialen kontra, bereziki. Erasoetan 29 lagun, hamasei funtzionario eta polizia eta hamahiru ekintzaile hil ziren. Airean izan zuten hainbat orduz hiria talibanek -zazpi milioi lagun bizi dira Lahoren-.
Bediango kuartelean izan zen eraso luzeena eta odoltsuena; eliteko poliziak trebatzen dira gune horretan. Talibanek hainbat lagun bahitu zituzten eta, tiroketen ostean, poliziek bere gain hartu zuten kuartelaren gaineko kontrola -sei polizia eta bost ekintzaile hil ziren-. Manawan kadeteak trebatzeko gunean, ordubete lehenago, beste eraso bat egin zuten ekintzaileek. Borroketan sei polizia eta lau ekintzaile hil ziren, tartean soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazi zituzten bi ekintzaileak. FIA Ikerketa Agentzia Zentralaren eraikinean izan zen hirugarren erasoa; lau ekintzaile eta lau funtzionario eta agente hil ziren atentatu horretan.
Lahoren eta lau eskualdetan alerta egoera ezarri zuten atentatuen ostean agintariek. TTP Tehrik-e-Taliban Pakistanek, hainbat ekintzaile talde biltzen dituen mugimenduak, bere gain hartu zuen erasoen erantzukizuna.
Eraso sorta horiek baino lehenago, goizaldean, ekintzaile suizida batek auto-bonba bat leherrarazi zuen Kohaten. Ekintzaileaz gain, 11 lagun hil ziren, tartean hiru polizia eta haur bat. Hainbat zibil ere zauritu ziren atentatu hartan, eta horien artean eskola bateko haurrak daudela zehaztu zuten hainbat iturrik, Polizia-etxe baten kontra zartarazi zuen autoa ekintzaileek eta eraikina erabat txikituta gelditu zen.
Peshauar hirian iluntzean beste bonba-auto bat leherrarazi zuten, urrunetik aktibatuta. Haur bat hil zen, eta beste bederatzi lagun zauritu ziren. Pakistango Gobernuko funtzionario baten etxearen atarian zartarazi zuten autoa.
Asif Ali Zardari eta Jusuf Raza Guilani, presidentea eta lehen ministroa, hurrenez hurren, gogor salatu zituzten erasoak eta ikerketak abiatzea agindu zuten. Azken urteetan bezala, azken astean ere, ez da giro Pakistanen; azken egunotan, izan ere, 128 lagun baino gehiago hil dira atentatu ugaritan -atzoko hildakoak aintzat hartu gabe-. Islamabaden, Rawalpindin, Alpurin eta Peshauarren atentatuak izan dira azken egunotan.
Exodoa Hego Waziristanen
Egoera horri aurre egiteko, talibanen gotorlekuetan hainbat erasoaldi hasi ditu armadak. Swat iparraldeko eskualdean udan hasitako operazioa ez da oraindik erabat amaitu, eta «berehala» lurrezko beste operazio bat abiatzekoa da Hego Waziristanen. Eraso militar horren beldur, 90.000 lagunek euren etxeetatik ihes egin dute azken hilabetean. Orotara 600.000 lagun bizi dira eskualdean; soldaduek errepideak itxi dituztela salatu dute, eta janaria eskasia eragin dutela. Afganistango muga inguruan dauden talibanen gotorleku nagusia da Hego Waziristan.
Piloturik gabeko hegazkinek ere hainbat eremu bonbardatzen dituzte tarteka, atzo goizaldean, esaterako, bost lagun hil zituzten Ipar Waziristanen.
Pakistanen egoera kritikoa da eta, hainbat adituren esanetan, azpiegitura sendoa eta zabala dute talibanek, herrialdea gerra zibila baten atarian dela ohartarazteraino. Barack Obama AEBetako presidentea, berriz, herrialdera 7.500 milioi dolar bideratzea baimentzen duen legea sinatzekoa zen atzo. Pakistango oposizioa, baina, lege horren kontra agertu da «subiranotasuna urratzen» duelakoan. Izan ere, hainbat klausula zehazten dira legean; diru laguntzak soilik baldintza batzuetan ematea aurreikusten da, eta, tarteka, ekintzaile talibanen kontrako borrokaren inguruko informazioa exijitzen. Pakistan, izan ere, giltzarri da egun Obamarentzat; Afganistango egoera bideratzeko ezinbestekoa baitu mugatik sartzen diren talibanen kontra egitea, eta une honetan ari da estrategia izango dena zehaztu nahian.
Pakistanen 42 lagun hil dira ekintzaile talibanek bere gain hartutako hainbat erasotan
Azken 11 egunotan 170 lagun inguru hil dira; erasoen beldur 90.000 lagunek egin dute ihes Hego Waziristandik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu