Pakistanen 70 lagunetik gora hil dituzte, bi atentatutan

Agintariek taliban gerrillari islamistei egotzi dizkiete erasoak, baina haiek esan dute eurek ez dituztela egin

Erredakzioa
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Pakistanen odola erruz isuri zen beste behin atzo, bi mezkitaren aurka egindako erasoetan 60tik gora lagun hil baitzituzten eta ehundik gora zauritu. Agintariek taliban gerrillari islamistei leporatu dizkiete atentatuak, baina haiek esan dute ez dutela zerikusirik.

Lehen erasoa ekintzaile suizida batek egin zuen, Peshawar hiriaren inguruan, Akhurwal herriko Waali mezkitan. Bertara ostiraleko otoitzaldi nagusian parte hartzera joandako 300 bat lagun zeuden eta han zartarazi zuen ekintzaileak bonba. Gutxienez 66 lagun hil zituen; tartean, 11 adingabe. Atzo iluntzeko datuen arabera, zaurituak 108 ziren; baina, haietatik batzuk oso larri zeudenez, litekeena da hildakoen kopurua ugaltzea.

Eraso honen zioak argitzeko saioan, iturri batzuek zehaztu dute Akhurwalen 2007az geroztik eratuta dagoela talibanen kontra borrokatzen den herritar milizia bat, eta horren buru Wali Mohammad da, tokiko agintari bat. Hain zuzen, Wali Mohammaden etxea mezkitatik hurbil dago, eta kalteak jasan ditu. Mezkita bera ia txikituta geratu da leherketaren ondorioz.

Bigarren atentatua Akhurwaldik hogei bat kilometroraegin zuten, Sulema Khel herrian. Han ere mezkita izan zen ekintzaileen jomuga. Lekukoek eta Poliziak emandako datuen arabera, eskuko lau lehergailu bota zituzten mezkita barrura. Ondorioz, pertsona bat unean bertan hil zen, eta zauritutako beste lau, berriz, erietxean. Erasoan hamalau lagun zauritu ziren.

Blackwater

Eskualdeko zein Islamabadeko agintariek TTP Pakistango Talibanen Erakundeari leporatu dizkiote bi eraso odoltsuak. Gerrillari islamistek, baina, atentatu hauekin zerikusirik ez dutela esan dute. Azam Tarik TTPko eledunak, aldiz, BlackwaterAEBetako segurtasun enpresa pribatuko mertzenarioei egotzi die atentatuon ardura. Antzeko salaketa bat egin zuen orain dela gutxi Bagdadeko agintarien inguruko iturri batek.

Atzoko erasoetako biktimak musulman sunitak dira. Aurreko bitan, berriz, xiita eta sufi gutxiengoak izan ziren jomuga. Irailaren 2an, Qetta hirian, xiiten elkarretaratze batean zeuden 60 lagunetik gora hil zituen ekintzaile suizida batek. Uztailaren 2an, 42 lagun hil ziren Lahore hirian, mausoleosufi batean, bi ekintzaile suizidak euren buruak zartarazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.