Pakistanen 80tik gora lagun hil eta dozenaka zauritu dira bi atentatutan

Zazpi ekintzailek ahmadi gutxiengoko hainbat kide otoitzean ari ziren bi mezkitei eraso diete

Erredakzioa
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Segundu batean gerra piztu izan balitz bezala izan da», zioen Lukman Ahmadek. Bera Garhi Shahuko mezkitan zegoen otoitzean ekintzaile talde bat bertara sartu zenean, arma automatikoak eta granadak eskuetan. Atzo goizean gertatu zen Pakistango Lahore hiritik gertu. Iturri ofizialen arabera, bi atentatuetan gutxienez 80 lagun hil ziren, eta dozenaka zauritu. Ekintzaileetatik bi atxilotu zituen Poliziak, baina besteek bere buruaz beste egin zuten.

Bi erasoak, Garhi Shahukoa eta Model Towngoa, batera gertatu ziren. Baina bigarrena nahiko azkar amaitu zen eta lehenak bost ordu inguru iraun zuen. Poliziaren esanetan, ekintzaileak tiroka sartu ziren tenpluan, eta granadak zartarazi zituzten. Ondoren, 200 bat lagun hartu zituztengatibu. Ekintzaileetako hiruk gainean zeramatzaten bonbak zartarazi zituztenean amaitu zen erasoaldia. Lekukoetako batzuek leporatu zieten segurtasun indarrei erasoa saihesteko nahikoa egin ez izana.

Garhi Shahukoa baino lehenago amaitu ziren Model Towngo borrokak. Han ere ekintzaileek bahituak hartu zituzten arren, Polizia indarrez sartu zen tenpluan, eta erasotzaileetako bi tiroz hil zituzten. Beste bat atxilotuta eraman zuten. Lerro hauek idazteko unean lehergailu gehiagoren bila jarraitzen zuten segurtasun indarrek.

Baztertutako komunitatea

Ez da lehen aldia Pakistango ahmadi komunitateari erasotzen diotela, baina bai neurri horretako kalteak eragiten dituztela. Herritarren presioei erantzunez, Islamabadeko gobernuak erabaki zuen, 1974an, talde hau ez zela musulmana, eta, bide batez, debekatu egin zieten komunitate musulmanaren ekintzetan parte hartzea.

Ahmadiak gutxiengoa dira Pakistanen, eta jatorriz Indiakoak dira. Haien arabera, taldeko sortzailea Mirza Gulam Ahmad-1889an hildakoa- izan zen islamaren azken profeta. Musulman gehienentzat, ordea, Mahoma izan zen azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.