Pakistango armadaren eta gerrillari islamisten artean borroka gogorrak berriro piztu ziren atzo Afganistango mugaldeko leinuen eskualdeetan. Bi aldeen artean aste honetan hitzartu zen su-etenak bi egun baino gehiago ez ditu iraun, Swat haranean borrokan ari dira berriro.
Pakistango armadaren arabera, gerrillari islamistek hautsi dute menia, Islamabadeko gobernuaren manupeko militarren aurka hainbat eraso eginda, asteartetik asteazkenerako gauean. Su-etena hitzartu aurretik ere, Swateko haraneanPakistango armadaren eta Fazlulla Khan erlijioburu islamistaren manupeko gerrillarien arteko borrokak latzak izan ziren. Datu ofizialen arabera, gutxienez 60 gerrillari islamista, zazpi zibil eta sei soldaduhil dira guduka hauetan.
Afganistango mugaldean bizi diren leinuen eskualdeko erlijioburuetatik bata da Fazlulla Khan maulana eta honek sharia lege islamiko zorrotzena indarrean jarri du kontrolpean dauzkan lurraldeetan. Eskualdeko gobernadore Shams ul Mulkek Pakistango aginte federalaren laguntza eskatu du gerrillari islamistei aurre egiteko eta Islamabadek 2.500 soldadu gehiago bidali ditu hara. Pervez Musharraf presidentearen gobernuak ipar-mendebaldeko probintziako hainbat lurraldetan jaun eta jabe jarri diren Pakistango muturreko musulmanak eta hauekin eskuz-esku dabiltzan Afganistango taliban gerrillari islamistak eta Al Kaedako ekintzaileak menperatu nahi ditu.
RAWALPINDIN, AL-KAEDAREN ITZALA. Rawalpindi hiriko Pakistango armadaren egoitza nagusitik hurbil herenegun gertatu zen eraso odoltsuaren atzean Al Kaeda muturreko ekintzaile islamisten sarea egon zela uste du Poliziako buruzagi Saul Azizez. Ekintzaile suizida batek soinean zeraman lehergailua leherrarazita, zortzi lagun, ekintzailea bera barne, hil ziren. Leherketa jazo zen unean Pervez Musharraf Pakistango presidentea Rawalpindiko egoitza militar nagusian aurkitzen zen armadako buruzagi gorenekin bilduta.
Iragan uztailean, Pakistango armadak Islamabadeko Mezkita Gorritik muturreko islamistak indarrez haizatu zituenetik, hogei bat eraso suizida gertatu dira herrialdean. Muturreko islamisten mendeku gisara hartu diren oldar egite hauetan gutxienez 420 lagun hil dira etabeste dozenaka zauritu dira.
Pakistanen borrokan hasi dira berriro armada eta islamistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu