Pakistanen Energia ministro ohia aukeratu dute lehen ministro

Legebiltzarrean gehiengoaren babesa jaso du; urte amaieran dira hauteskundeak egitekoak

Erredakzioa
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Azken egunetako tentsio politikoa pixkanaka-pixkanaka baretzen hasi da Pakistanen Raja Pervez Ashraf Energia ministro ohia lehen ministro izendatu ondoren. Yusuf Raza Gilaniren lekukoa hartuko du Energia ministro ohiak. PPP Pakistango Alderdi Popularraren hautagaia zen Pervez, agintean dagoen alderdiarena, eta legebiltzarrean gehiengo zabalaren babesa jaso du.

211 legebiltzarkidek bozkatu dute Pervezen alde. Sardar Ahmed Mehtab oposizioko hautagaiak, berriz, 89 boto jaso ditu. Hori horrela, urte amaieran egitekoak diren hauteskundeak bitartean Pervez egongo da karguan.Energia ministro ohia, ordea, ez zen PPPren lehen hautagaia. Asteartean Pakistango Auzitegi Gorenak Gilani gaitasunik gabe utzi ondoren, Majdum Shahabuddin alderdiko kide beteranoa izendatu zuen Islamabadek kargurako. Hautagaia proposatu eta berehala, ordea, narkotrafiko auzi batean nahasia egotea leporatuta, hura atxilotzeko agindua eman zuen Narkotikoen Aurkako PakistangoIndarrak. Armadaren esku dago erakunde hori, eta, adituen ustez, politikoki bultzatutako operazioa izan zen militarrek egindakoa.

Gilaniren gobernuan Energia eta Informazio Teknologiako ministro izan zen Pervez, eta, gobernuko beste hainbat kide bezala, ustelkeria kasuetan nahasia egon da. Herrialdeko urritasun energetikoa gainditzeko, zentral elektriko pribatuen alokairua sustatu zuen, baina arazoa ez zen konpondu eta diru publikoarekin milaka milioi dolar ordaindu behar izan zituzten.

Ustelkeria kasuak, epaitzeke

Gilani 2009an gobernuko goi kargudunen ustelkeria kasuak ikertzeko eskatzen zuen epailearen agindua ez betetzeagatik gaitasun gabetu du Auzitegi Gorenak. Besteak beste, Asif Ali Zardari presidentea eta alderdikidea dago ustelkeria kasu horietan nahasita. Lehen ministroa zena kargutik kenduta, Iftijar Chaudry Auzitegi Goreneko presidenteak ustelkeria kasu horiek berriz irekitzeko presioa egitea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.