Erasoak izan zituen arma fabrika Waheko kuartelean dago, Islamabad hiriburutik 30 kilometro iparraldera. Langileak lantegitik ateratzen ari zirenean zartarazi zituzten bi suizidek aldean zeramatzaten lehergailuak. Horregatik, dozenaka biktima eragin zituzten. Halaber, erasoa egin eta hurrengo orduetan hildakoen kopuruak gora egingo zuela adierazi zuten tokiko agintariek. Zaurituen artean, 25 oso larri daude. Geo TV telebista kateak aditzera eman duenez, hildakoak 70 ere izan litezke.
Goizeko lanaldiko langileak etxerako bidean zirelalehertu zuten lehenengo bonba, fabrikako atarian. Handik minutu gutxira, lantegiko beste irteera batetik gertu, beste bonba bat zartarazi zuten. «Kea, hilotzak eta odola zegoen. Bizirik irtetea lortu zutenak zauri larriak zituzten. Gizon bat ikusi dut gero; hankari gogor heltzen zion minez garrasika laguntza eskatzen zuen bitartean. Jende mordoa ikusi dut ihesean korrika», azaldu zuen Mohid Ahmedek, gertatutakoa gertutik jarraitu zuen lekukoak.
Talibanenmehatxua
Armak eta munizioa ekoizten dituzten lantegi horretan 40.000 lagun inguruk lan egiten dute. «Nor sartzen eta irteten den kontrolatzeko, segurtasun neurri zorrotzak daude Waheko fabrikan; hala ere, erraz gertura daiteke lantegiko irteera guneetara», azaldu zuten iturri militarrek. Atentatuaren ondotik, Pakistango Barne Ministerioak alerta gorena ezarri du herrialde guztian. AEBetako presidente George Bushek, bestalde, «terrorismoaren aurkako borrokan»laguntza eskaini dio Pakistani.
Atzokoa aurtengo eraso gogorrena izan da, laugarrena hamar egunean. Peshawar, Tank eta Lahore hirietan ehundik gora hildako eragin dituzte azken egunetako erasoek.
Arma fabrikaren aurkako atentatua TTP Tehrik e Talebantalde armatuak hartu du bere gain. «Armadak hildako emakume eta haur errugabeak mendekatu ditugu». Bajaurko tribu eremuan Pakistango armadak ekintzaileei eraso egiten jarraitzen badu aurrerantzean ere eraso gehiago egingo dituztela jakinarazi du Maulvi Umar talde horretako bozeramaileak. Pakistango soldaduak bertatik erretiratzeko eskatzen dio Gobernuari Tehrik e Taleban taldeak.
Bajaurrek Afganistanekin muga egiten du, eta azken asteetan eraso andana izan da bertan. Herenegun, besteak beste, 26 lagun hil ziren tribu eremu horretan, armadaren eta ekintzaileen arteko borroketan. Asteartean, berriz, Dera Ismail Khanen 32 pertsona hil zituzten ospitale batean egindako eraso suizidan.
Bestalde, Pervez Musharraf Pakistango presidentea izandakoak ez du erbestera joateko asmoa, Marvi Memon PML-Q Pakistango Liga Musulmana-Quaid-e-Azam alderdiko kideak azaldu duenez. Musharrafek iragan astelehenean eman zuen dimisioa, koalizio gobernuak kargutik kentzeko prozesua hasi ondotik. Halaber, Musharrafek bere kargua utzi eta egun gutxira Malik Abdul Qayyum fiskal nagusiak ere dimisioa eman du. Sardar Latif Khosa Auzitegi Goreneko abokatuak ordezkatuko du.