Pakistanen gutxienez 66 lagun hil dira borroken ondorioz

Waziristango leinuen eta Al Kaedako jarraitzaileen arteko borrokek hiru egun iraun dute jada

arantxa iraola
2007ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Borrokek ez dute etenik Pakistango ipar-mendebaldean, Hego Waziristanen, eta hildakoei buruzko datuak nahaspilatsuak badira ere, gutxienez 66 lagun hil dira astelehenetik. Hego Waziristango leinuetako kideak --talibanen ildokoak--Afganistandik ihes egindako Al Kaedako jarraitzaileen kontra ari dira borrokan.

Orain gutxi hasi dira gaiztotzen bi aldeen arteko harremanak.Iragan hurbilean ez dute arazorik izan; 2001ean AEBak Afganistanen sartu zirenean, harrera beroa egin zieten atzerritarrei Waziristango leinuetako ordezkariek, baina azkenaldian giroa gero zeta ozpinagoa da, eta borrokak gertatzen ari dira. Atzo ere gogorrak izan ziren, bereziki Wana hiriaren inguruan. Oraingoanastelehenetik etenik gabe ari dira bi aldeak borrokan. Diotenez, gizon «arabiar» baten heriotzak piztu zuen sua, baina gertaera horren atzean zer egon zen ez dago batere garbi. Hilaren hasieran ere enfrentamenduak izan ziren bi aldeen artean, eta 17 lagun hil ziren horien ondorioz.



PAKISTANGO GOBERNUAREKIN ITUNA. Borroken zioaren bila, iragan hilabeteak aztertu behar dira. Waziristango leinuek iazko irailean akordioa hitzartu zuten Pakistango Gobernuarekin; eskualdean segurtasuna bermatzeko eginkizuna eman zien Gobernuak leinuetako buruei, eta, jardunbide horren barruan, atzerriko ekintzaileen jarduna kontrolatzekoa. Izan ere, leku estrategikoan dago Waziristan; Afganistan oso hurbil du, eta leku aparta da Afganistanen hedatutako nazioarteko koalizioaren kontra egin nahi duten ekintzaileentzat.

Hain justu, sarritan leporatu izan zieten Pakistango agintariek leinuetako buruei atzerriko ekintzaileen kontra ez egitea, eta jarrera aldaketa bat bilatu zuten akordioarekin. Itun horren ostean hasi ziren ozpintzen leinuetako buruzagien eta atzerriko ekintzaileen arteko harremanak, etahorren segidan hasi ziren pizten estreinako borrokak.

Borroketan Waziristango leinuetako buruak Pakistango zerbitzu sekretuen laguntzarekin ari direla ari direla diote atzerriko ekintzaileek. Egunotan, halaber, Pakistango armadako soldaduak Wana hiriaren inguruan dabiltzala adierazi dute zenbait lekukok, baina Pakistango agintariek ukatu egin dute.

Nolanahi ere, egunotako borrokak Pakistango agintarien erabakien emaitza direla onartu du Pakistango Barne ministro Aftab Khan Sherpaok: «Leinuak atzerriko ekintzaileen aurka hasi dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.