Pakistango armadak estatu kolpe bat prestatzen ari dela ukatu du

Islamabadek ez du onartu AEBen eta NATOren bertsioa, 24 soldadu hil zituzten erasoaren inguruan

Erredakzioa
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Asif Ali Zardari Pakistango presidentea jasan zuen bihotzekotik osatuta herrialdera itzuli bada ere, herrialdearen krisiaren zurrumurruak ez dira isildu. Herenegun Jusuf Raza Gilani lehen ministroak eraso egin zion armadari eta gobernuaren aurkako konspirazioak prestatzen aritzea leporatu zion. Atzo, berriz, Ashfak Pervez Kijani armadako buruakdemokrazia babesten duela adierazi zuen, eta armada estatu kolpe bat prestatzen ari dela ezeztatu.

«Pakistango armadak prozesu demokratikoa babesten du eta etorkizunean ere babesten jarraituko du», nabarmendu du Kijani jeneralak, eta dituzten betebehar eta ardura konstituzionalen jakitun direla gaineratu du. Herrialdean gobernuaren ezegonkortasuna nabarmentzen duten zurrumurruak uxatu nahi izan ditu Kijanik era horretan, baina geroz eta jende gehiagok uste du armada Zardari kanporatu nahian ari dela.

Indar Armatuen garrantzia handia da Pakistanen, eta horiek agintean esku hartzeko iraganean izan duten ohitura kritikatu nahi izan du Gilanik. «Estatu baten baitan beste estatu bat ez da onargarria», salatu du. Adituen arabera, ordea, mendebaldearen aldekoa den Zardari boteretik kanporatzen saiatuko da armada, nahiz eta ez duen zertan zuzeneko estatu kolpe baten bidez izan behar. Hain justu, presidentearen Alderdi Popularraren eta armadaren arteko harremana gatazkatsua izan da historikoki.

Bertsio kontrajarriak

Bestalde, Pakistango armadak ez du onartu iragan azaroaren amaieran NATOk helikopteroekin egindako eraso batean 24 soldaduren hilketa azaltzeko Aliantzak eta AEBek eman duten bertsioa. NATOren eta Pakistanen komunikazio eta koordinazio arazoei leporatu diote gertakaria. Armadak, baina, azalpen horri datuak falta zaizkiola kritikatu du. Washingtonek dio AEBetako soldaduek euren burua babesteko egin zietela eraso Pakistango soldaduei, eta barkamena eskatu diete pakistandarrei.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.