Pakistango armadaren aurkako eraso batean 42 soldadu hil dira, gutxienez

Dargaiko ekintza suizida Armadak urrian eskola koraniko bati erasotzearen mendekua dela uste dute

ERREDAKZIOA
2006ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Pakistango armadako 42 soldadu hil ziren eta beste 20 bat zauritu, gutxienez, kuartel militar baten aurka atzo gertatutako eraso suizida batean. Herrialdearen ipar-mendebaldean dagoen Dargaiko errekrutamendu zentruaren aurkako oldar egite hau, Pakistango armadak, joan den urriaren 30ean, eskola koraniko baten aurka egin zuen erasoaren mendekua izan daiteke. Shinagaiko madrassak orduan jasan zuen erasoan 80 lagun hil zituzten, tartean haurrak.

Ekintzaile suizida batek soinean zeuzkan lehergailuak zartarazi zituen, 08:30ak inguruan (04:00ak Euskal Herrian), Dargaiko kuartel militarrean trebakuntza ariketetan ari ziren soldaduen artean sartuta. Erasoa «Pakistango talibanen» izenean bere gain hartu zuen Peshawar hiriko The News egunkariari hots egin zion dei egile anonimo batek. Honen esanetan, «eraso suizidak egiteko prest dauden 275 ekintzaile» dauzka taldeak.

2001EKO AMAIERATIK ERASO LARRIENA. Pakistango armadak 2001eko urte amaieratik jasan duen oldar egiterik larriena da atzokoa. AEBek urte hartako irailaren 11n jasandako erasoen ostean indarrean jarritako «terrorismoaren aurkako borrokarekin» bat egin duenetik, Islamabadeko gobernuak gogor jazartzen die jihad gerra aldarrikatzen duten talde islamistei.

Pakistango Barne ministro Aftab Sherpaok atzo zehaztu zuenez, Dargaiko atentatuaren egiletzat 2002an legez kanpo jarri zuten Therik-e-Nifaz-e-Shariat Mohammedi erakunde islamista susmatzen du Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.