Pakistango armadaren kontrako atentatu batean 42 lagun hil dira

Alpuri hiriko merkatutik konboi militar bat igarotzean zartarazi dute auto-bonba; 35 zibil, sei soldadu, eta ekintzailea hil dira

2009ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Pakistanen astebetean hiru eraso egin dituzte talibanek. Alpuri hirian izan da azkenekoa, atzo, eta bertan gerrillari islamistek 42 lagun hil eta 45 zauritu zituzten.Horrez gain, talibanek euren gain hartu dute armadaren kuartel nagusiaren aurka, joan den asteburuan egindako oldarraldia, Rawalpindin. Islamabadeko gobernuko militarrak, anartean, talibanen gotorleku nagusietako baten kontra erasoaldi zabala prestatzen ari dira; Hego Wazisristan eskualdean.

Alpuri Shanglako barrutian dago eta hiriko merkatuan izan zen erasoa. Pakistango armadako konboi bat azoka gunetik igarotzen ari zen unean, ekintzaile suizida batek gidatzen zuen bonba-autoa zartarazi zuen. Leherketak ondorio itzelak eragin zituen; izan ere, orotara 42 lagun hil ziren, hots, 35 zibil, sei soldadu eta ekintzailea bera. Beste 45 lagun zauritu ziren erasoan.

Atzokoa zen astebetean gertatutako eraso odoltsuetan hirugarrena. Izan ere, joan den ostiralean Peshauar hirian jazo eraso suizidan beste 53 lagunek galdu zuten bizia, ekintzailea barne. Urriaren 5ean, berriz, soldadua jantzita zegoen ekintzaile suizida batek bere burua zartarazi zuen Nazio Batuen Erakundearen eraikin baten parean, Islamabaden. PAM Munduko Elikagai Programako bost langilek bizia galdu zuten eraso hartan.

«Basakeria hauek ez gaituzte kikilduko; azkena hil arte jarraituko dugu terroristen kontrako borroka», adierazi zuen, ahobero, Shanglako Informazio ministro Mian Iftikhar Hussainek. Alabaina, herritar zibilen artean odola erruz isurarazten duten ekintza suizidak egiteaz gainera, gerrillari islamistek agerian utzi dute indar armatuei ere oldar egiteko gai direla. TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan, hala, bere gain hartu zuen atzo joan den asteburuan, Rawalpindi hirian izandako oldarraldiaren erantzukizuna.

Islamabad hiriburutik gertu dagoen hiri honetan dago Pakistango armadaren kuartel nagusia eta bertan egin zuen erasoa gerrillari islamista talde batek. Bi egunean leku horretan geratzea lortu zuten talibanek, Pakistango indar armatuek kontrola bereganatu duten arte. Armadak igandean egindako erasoan, ildo horretan, 22 lagun hil ziren, 11 militar, zortzi gerrillari eta talibanek gatibu hartutako 42 lagunetatik hiru.

«Edonon ekin dezakegu»

Pakistango armadaren bihotz-bihotzean eginiko eraso hau aldarrikatzean, TTPko bozeramaile Azam Tariqek adierazi zuen erasoak egiten jarraituko dutela: «Edonon ekin dezakegu; Pakistango garrantzia handieneko guneei oldar egiteko gaitasuna daukagu». Hedabideei helarazitako agirian, Tariqek zehaztu du Rawalpindikoa «lehen ekintza bat» baino ez dela izan. «Ameriketako Estatu Batuetako eta hauen morroia besterik ez den Pakistango Gobernuari egin diegun lehen oparitxo bat besterik ez da izan», zehaztu zuen talibanen eledunak. Hark emandako argibideen arabera, Rawalpindiko erasoa Punjab eskualdetik joandako gerrillari islamistek egin zuten, baina Sindh, Balutxistan eta Hego Waziristan eskualdeetako ekintzaile taldeak ere beste eraso batzuk prestatzen ari dira.

Hain zuzen ere, NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintziako barrutietatik bat den Hego-Waziristanen erasoaldi zabal bat prestatzen ari da egunotan Pakistango armada. Afganistanekiko mugaldean kokatua den barruti hori talibanen gotorleku nagusietako bat da, Islamabadeko aginte federalaren arabera. Eskualde horretan, sarritan egiten dituzte erasoak AEBetako aire armadako edo CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko piloturik gabeko hegazkinek. Hain zuzen, horietako batek jaurti zuen misil batek hil zuen, iragan abuztuaren 5ean, Pakistango talibanen buruzagi Baitula Meshud.

AEBen oldar egite horiek behin eta berrirogaitzetsi dituelarik, Islamabadek, Rehman Malik lehen ministroaren ahotik, iragarri du berak gauzatuko duela Hego Waziristango talibanen aurkako erasoaldi militarra. Lurretik egingo lukeen operazio handi baten atarian, hiru aire eraso egin ditu, igande gauean eta atzo egun osoan, Pakistango armadak. Bonbardaketa horietan, gutxienez bost gerrillari islamista hil direla ziurtatu dute iturri militarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.