Pakistango Auzitegi Gorenak Gilani lehen ministroa auzipetuko du

Gobernuko goi kargudunen ustelkeria kasuak ez ikertzeagatik, agindutakoa ez betetzea leporatzen diote

Erredakzioa
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Pakistango Auzitegi Gorenak jakinarazi du Yusuf Raza Gilani lehen ministroa auzipetuko duela. «Atariko ikerketen ostean, badago nahikoa froga auzian aurrera jarraitzeko», adierazi du Nasir ul-Mulk epaileak. Agindutakoa ez betetzea leporatzen diote Gilaniri, ez zuelako bete 2009an gobernuko goi kargudunen ustelkeria kasuak ikertzeko eskatzen zuen epailearen agindua. Besteak beste, Asif Ali Zardari presidentea eta alderdikidea dago ustelkeria kasu horietan nahasita.

Herenegun Zardarik immunitatea zuela frogatutzat ematen bazuten Gilaniren aurkako epaiketa saihestu zitekeela adierazi zuen Ul-Mulk epaileak, baina atzo atzera egin eta lehen ministroa auzipetzea erabaki zuen. Dena den, gobernuak ustelkeria kasuak ikertzen baditu kasua itxiko duela azaldu du.

Sei urteko espetxe zigorra

Pervez Musharraf Pakistango armadaburu eta presidente ohiak amnistia eman zien 2007an ustelkeria kasuetan eta bestelako delituetan nahasita zeuden politikariei, NRO Adiskidetze Nazionalerako Ordenantzaren bitartez. Ordenantza horri esker itzuli ahal izan ziren Pakistanera Benazir Bhutto lehen ministro ohia eta haren senar Zardari 2007ko urrian. Bi hilabete geroago, Buttho tiroz hil zuten, mitin batean.

2009an, ordea, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Musharrafen NRO ordenantza, gobernua ustelkeria kasuetan nahasitako politikariak aztertzera eta neurriak hartzera behartuz. Azterketa horrek arriskuan jarriko lituzke egungo gobernuko eta oposizioko hainbat kargu eta, horregatik, Islamabadek ez du ikerketa bakar bat ere abiatu. Presidentearen kontrako neurririk hartu ez izana argudiatzeko Zardarik, bere karguari esker, immunitatea duela arrazoitu izan du behin eta berriz Islamabadek.

Gilaniri sei urteko espetxe zigorra ezarri ahal diotela jakinarazi dute Auzitegi Goreneko iturriek, eta auzi honetan bere kargua ere jokoan dagoela adierazi dute. Gilanik helegitea jarri diezaioke Ul-Mulken erabakiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.