Pakistango Gobernua egoera zailean utzi du AEBei ustez esku hartzeko eskatu izanak

Gorenak ikerketa bat zabaldu du, armadaren kontra aritzeko Pentagonoaren laguntza eskatu duen argitzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Osama Bin Laden Al-Qaedako buruzagiaren hilketak sokatira luzea ekarri du Pakistango politikarien eta militarren artean, eta orain, Auzitegi Gorenak Memogate eskandalua ikertuko duela esateak ataka zailean jarri du gobernua. Pakistango armadaren ustezko estatu kolpea saihestearren Washingtoni laguntza eskatzeko memorandum anonimo bat dago auziaren oinarrian, eta ikerketak dagoeneko ahulduta dagoen gobernuari presio handia erantsiko dio. Ikusteko dago hauteskundeak aurreratzeraino eragingo duen. Berez, 2013ko urte hasierarako dago jarrita eguna, baina oposizioa ika-mika baliatzen ari da lehenbailehen izan daitezen, eta armada gobernua higatzeko lan eraginkorra egiten ari da. Gorenak ikerketaren berri lau aste barru emango du.

Pakistango Gobernuaren gainbeherak abiadura hartu zuen urriaren 10ean: Mansoor Ijaz enpresariak Finantial Times-en idatzi zuen diplomazialari pakistandar entzutetsu batek txosten bat bidali ziola Pentagonoari, laguntza eskatuz, estatu kolpea izango zen oso beldur zirelako, eta hura saihestearren. Txostenarena Bin Ladenena gertatu ondoren egin zuten publiko, baina Ijadek —jatorriz pakistandarra da— Washingtongo enbaxadorearengan jarri zuen atentzioa, Husain Haqqanirengan. Haqqanik ukatu egin zuen, baina kargua uztera behartu zuten. Enbaxadorearen atzean, baina, Asif Ali Zardari presidentea dago, eta Auzitegi Gorenaren erabakiak eragin handia izango du haren etorkizunean. Kargua uztea eragin dezakeela aurreratzen ari dira adituak.

Gorenak ikertuko zuela esan aurretik ere nahikoa buruhauste ekarri dizkio kasuak Zardariri. Eskandaluaren zurrumurruan gori-gorian zirela bihotzekoak eman ziola zabaldu zuten, eta larria ez bazen ere, Dubaira joan zela sendatzera. Albistearen hainbat bertsiok, ordea, herrialdea utzi zuelako hipotesia indartu zuten. Itzuli berritan, joan den astean, Jusuf Raza Gilani lehen ministroak eta Zardarik berak hitz egin zuten, eta esan zuten armada sortzen ari zen giro nahasiari ez zitzaiola jaramonik egin behar. Konspirazioak prestatzen aritzea leporatu zioten. Ashfak Pervez Kijani armadako buruak, berriz, demokrazia babesten duela eta babesten jarraituko duela nabarmendu zuen, eta ezeztatu egin zuen armada estatu kolpe bat prestatzen ari dela.

Harreman ezinezkoak

Memogate auziak azaleratu egin ditu armadaren eta gobernuaren arteko harreman historikoki zailak. Militarrek urte askoan agindu dute Pakistanen, eta gaur-gaurkoz AEBek haien laguntza ezinbestekoa dute talibanen kontrako borrokarako eta Afganistandik era itxurosoan atera ahal izateko. Ez dira, baina, bien arteko harremanak samurrak.

Indar armatuek agintean esku hartzeko duten ohitura kritikatu du Gilanik. «Estatu baten barruan beste estatu bat ez da onargarria». Adituen arabera, ordea, Zardari boteretik kanporatzen saiatuko da armada, AEBen aldera egiteko joera gehiegizkoa iruditzen zaiolako, baina, horretarako, ez du zertan zuzenean estatu kolpe bat eman. Pakistango politikagintzako ahots asko ditu bere alde, eta orain Justizia ere bai, gobernua ahultzeko.

Presidentearen Alderdi Popularraren eta armadaren arteko harremana gatazkatsua izan da historikoki, baina, azaroan NATOk helikopteroekin egindako eraso batean 24 soldaduren hilketa azaltzeko Aliantzak eta AEBek eman duten bertsioak bere onetik atera du armada. Gertakaria NATOren eta Pakistanen komunikazio eta koordinazio arazoengatik izan dela diote; gaizki ulertzeen ondorioz «hutsak» egon zirela esanez justifikatu du gertatutakoa Pentagonoak. Azalpen horri datuak falta zaizkiola salatu du armadak, eta, are gehiago, besterik pentsatzeko datu gehiago eman ezean Pakistanen kontrako eraso ongi planifikatua izan zela pentsatzen jarraituko dutela.

Gertakari horrek aurretiko haserrea gainditu du, bueltarik ez duen krisia eragin: AEBek Osama Bin Laden hil zuten bezala hiltzeak, eta Pakistango armadari jakinarazi gabe, gainera, iraintzat jo zuten pakistandarrek, zer esanik ez militarrek. Haien ustez, AEBek nahi dutena egiten du gobernuak, eta Bin Laden epaitzeko aukerarik gabe hiltzea onartezina da —askok miretsi egiten zuten—. Hain zuzen, AEBek armadari leporatzen diote talibanen babesleku bilakatzea herrialdea. AEBekiko elkarlana ozpinduta dago, Afganistango gerraren amaiera are zailago egiteraino.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.