Berrogei egun iraun ditu Pakistango koalizio gobernuak. Azkenean duela gutxi arte oposizioan ziren bi alderdiek, PPP Pakistango Herriaren Alderdiak eta PML-N Pakistango Liga Musulmana-Nawazek, ezin izan diote hitzarmenari eutsi. PML-Nko buruzagi Nawaz Sharifek atzo bertan iragarri zuen gobernutik erretiratzeko erabakia. Haren esanetan, Pervez Musharraf presidenteak kargugabetutako Goreneko epaileei karguak itzultzeko epe muga ez du bete PPPk. «Ez gara lasai geratuko epaileak beren lanera itzuli eta Musharraf kanporatzen dugun arte».
Musharraf armadaburu zela aurkeztu zen presidentetzarako bozetara. Hauteskundeak irabazi zituen arren, Gorenak berretsi egin behar zion garaipena, izan ere, Konstituzioaren arabera, armadaburu izanik ezin zuen bozetara aurkeztu. Musharrafek, ordea, Gorena desegin zuen erabakiaren berri jakin aurretik.
PML-Nren ministroak gaur dira dimisioa ematekoak. Baina PPPko arduradunek iragarri dute ez dituztela ordezkatuko, eta auzia elkarrizketa bidez konpontzen saiatuko direla.
Pakistango koalizio gobernua hautsi du Sharifen PML-N alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu