Pakistango Lahore hirian 25 lagun hil eta ehunka zauritu dira atentatu suizida batean

Armadak duela hilabete talibanen kontrako erasoaldia abiatu zuenetik atentatu bortitzena izan da

Kristina Berasain Tristan.
2009ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Indarkeriak ez du etenik Pakistanen. Swat ibarreko talibanen kontrako erasoaldiak iparraldean inoizko krisi humanitariorik larriena eragin badu, herrialdearen gainontzeko eremuetan ere ez da bakerik. Lahore hirian, esaterako, atentatu bat izan zen atzo. Ekintzaile suizida batek bonba-auto bat zartarazi zuen hiriaren erdigunean, eta gutxienez 25 hildako eragin zituen. Zaurituak ere ugari izan ziren; 10:30ean izan baitzen atentatua eta gunea jendez gainezka zegoen: 250 eta 300 lagun artean zauritu ziren, eta litekeena da hondakinen artean lagun gehiago egotea.

Pakistango Poliziaren egoitzaren aurrean leherrarazi zuten bonba-autoa. Erakina suntsituta gelditu zen erabat, baita inguruko eraikinak ere; zerbitzu sekretuen bulego bat, polizia-etxe bat, argindar konpainia baten egoitza, zinema bat eta hainbat hotel. Pakistango Auzitegi Gorena ere kaltetua izan zen.

Leherketaren eztanda hiri osoan entzun ahal izan zen. Bonba-autoak sei metro sakoneko kraterra eragin zuen lurrean. «Eraikinetik atera naiz korrika; eztanda sekulakoa izan da: surrealista zen dena, ke zuria airean zabaldu da». Matthias Gattermeier eztandaren lekuko izan zen. Zubair Bukhari, berriz, eztanda izan zen lekutik kilometro erdira duen bulegoan ari zen lanean: «Leihoetako kristal guztiak txiki-txiki eginda gelditu dira, eta sabaia lurrera erori da».

Erasoaldiari erantzuna

Bonba-autoa leherrarazi aurretik gizon talde bat tiroka aritu zen. Segurtasun indarren kontrako erasoaren erantzuleak talibanak direla uste dute agintariek. Rehman Malik Barne ministroaren hitzetan erasoaldiari talibanek emandako «erantzuna» izan liteke atentatua. Baitula Mehsud talibanen buruzagiaren ohartarazpena gogoratu zuen ministroak; erasoaldi militarrak aurrera jarraitzen bazuen hiri handietan atentatuak egingo zituztela ohartarazi zuen, hain zuzen ere, Mehsudek.

Lahore Pakistango hiriburu kulturala da; Punjab eskualde oparoaren hiri nagusia. Martxoan beste bi eraso izan ziren han, eta horrek sinbolikoki esanahi handia duela uste dute analistek. Jusuf Raza Guilanik eta Asif Ali Zardarik -lehen ministroa eta presidentea hurrenez hurren- atentatua salatu eta ikerketa agindu dute. Armadak Swat ibarreko talibanen kontrako erasoaldia abiatu zuenetik, duela hilabete, atentaturik bortitzena izan zen atzokoa Pakistanen.

Swaten barrena aurrera egiten jarraitzen du, bestalde, armadak. Mingora hiria kontrolatzeko ahaleginean «pauso handia» eman dutela jakinarazi du Athar Abbasek. Armadako bozeramailearen hitzetan, etxe guztiak miatzen ari dira, eta azken orduetan «enfrentamendu gogorrak» izan dituzte talibanekin. Mingoran 300 eta 400 ekintzaile artean daudela uste du armadak.

Desplazatuen kopurua, berriz, etengabe ari da gora egiten. Egunero 126.000 lagun iristen dira errefuxiatu guneetara -27 daude orotara- eta, jada, 2,9 milioi dira euren etxeak utzi dituzten lagunak. Indiarekiko independentzia eskuratu zuenetik errefuxiatu kopururik handiena du egun Pakistanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.