Pakistango Lahore hirian atzo izandako eraso suizida batean, 26 lagunek bizia galdu zuten, hauetatik 22 poliziak zirela. Auzitegi Gorenaren aurrean izan zen leherketa. Abokatu eta magistratuek elkarretaratzea egin behar zuten han eta eraikina poliziaz inguratuta zegoen.
Lekukoek emandako argibideen arabera, ekintzaile suizidak moto bat baliatu zuen erasoa egiteko. Ibilgailutik jaitsi ondoren hesi baten atzean zeuden polizia multzo batengana jo zuen, korrika, eta haien aurrean zartarazi zuen bere burua. Eraikinaren aitzinaldean 70 polizia inguru zeuden; hala, poliziak dira hildako eta zauritu gehienak. Haatik, inguruan zeuden lau zibilek ere bizia galdu zuten, erasoaren ondorioz.
Auzitegi Goreneko egoitzaren aurrean zeuden polizien xedea zen abokatuek eta magistratuek egin behar zuten manifestazioa zaintzea. Pervez Musharraf Pakistango presidentearen aurkako protesta egin nahi zuten abokatu eta magistratuek.
Musharrafen gobernuak bere aurkari diren muturreko islamistei leporatu zien erasoa. Al Kaeda k Musharraf mendekatzeko agindua eman die bere ekintzaileei. Islamabadeko Mezkita Gorriari erasotzeko agindua eman zuen presidenteak iazko uztailaren 10ean eta 11n -ehun lagun hil ziren-, eta ondoren presidentea mendekatzeko agindua eman zuen Al Kaedak.
Asif Ali Zardari Benazir Bhuttoren alargunak, bestalde, eskutitz bat igorri dio Musharrafi. Nazio Batuen Erakundeari lehen ministro ohiaren heriotzaren inguruko ikerketa eskatzea nahi du Ali Zardarik.
ARMA NUKLEARREKIN KEZKATUTA. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, berriz, bere kezka berretsi du herrialdeak duen arma nuklearren biltegiarekin. Mohamed el Baradeik herenegun azaldu zuen kezka, eta biharamunean erantzun zuen Islamabadek. Biltegia «kontrolatuta» dagoela esan zuen. Armak islamisten esku gelditzeko beldur da IAEA.
Pakistango Lahore hirian 26 lagun hil ditu ekintzaile suizida batek, tartean 22 polizia
Auzitegi Gorenaren aurrean izan da leherketa; abokatu eta magistratuak protesta bat egitekoa zuten han
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu