Pakistango lehen ministroa kargutik kendu dute, desobedientziagatik

Ustelkeria kasuen gaineko ikerketarik ez abiatzea leporatu dio Auzitegi Gorenak Yusuf Raza Gilaniri

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Asif Ali Zardari Pakistango presidentea babesten duen harresia pitzatu du Islamabadeko Justiziak. Auzitegi Gorenak kargutik kendu egin du Yusuf Raza Gilani lehen ministroa, eta legebiltzarrean duen aulkia ere ukatu dio, Justiziaren aginduak ez betetzea leporatuta. Presidentearen ustelkeria kasuak ikertzen hasteko eskatu zion Gorenak gobernuari 2009an, baina Gilanik ez du egin. Erabateko leialtasunez babestu du Zardari. Gobernuaren eta Justiziaren arteko tentsioa irudikatzen du Gorenaren erabakiak, eta analista askok armadaren itzala ikusten du auzitegiaren erabakien atzean. Tentsio instituzionala, botereen arteko borroka, gero eta agerikoagoa da Pakistanen; baina Gilani kargutik kendu arren, ez da berehalako aldaketarik aurreikusten presidentearentzat, Zardariren PPP alderdiak gehiengoa baitu legebiltzarrean bere neurrirako beste lehen ministro bat izendatzeko.

Oposizioko Liga Musulmanak hileak daramatza 2013ko bozak aurreratzeko eskatzen, eta Gilani kargutik kendu izanak bozak aurreratzea ekar dezake. Dena dela, oraindik ez dago ezer argi. PPPk bilerak antolatu ditu gainontzeko alderdiekin, egoera berriaren aurrean hartu beharreko jarrera adosteko. Gorenaren ebazpenak zera eskatu dio Zardariri: «Beharrezkoak diren pausoak» emateko, herrialdearen «prozesu demokratikoarekin» segitzeko. Argitzeko dago, baina, zeintzuk izango diren pauso horiek. Dagoeneko desegin dute gobernua, eta Zardarik behin-behinean bere gain hartu ditu gobernuburuari dagozkion eskumenak.

2007ko Amnistia Legea

Auzibidearen sustraiak 2007. urtean daude. Pervez Musharraf Pakistango presidente ohiak (1999-2007) ustelkeria kasuetan nahasitako politikariei amnistia ezarri zien bere agintaldiaren azken urtean, eta, horri esker, erbestetik bueltatu ziren Benazir Bhutto lehen ministroa izandakoa eta haren senar Zardari, besteak beste. Pakistanera iritsi eta bi hilabetera hil zuen Bhutto erasotzaile suizida batek, mitin baten ari zela.

Zardari hainbat ustelkeria eta hilketa kasutan nahastuta zegoen, haren emaztea lehen ministro izan zen garaikoak denak—1988tik 1990era eta 1993tik 1996ra—. Mister %10 ezizenarekin da ezaguna Zardari Pakistanen, emaztearen gobernuko ministro zen garaian eskatzen zituen komisioengatik. 11 urte egin zituen kartzelan ustelkeria kasuengatik, eta 2004an atera zuten, erbestera joatearen truke.

Baina Musharrafen amnistiaren ostean Pakistanera eta boterera itzuli ostean, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen amnistia, 2009an. Orduan, Zardariren ustezko diru zuriketen auzia zabaltzeko, Suitzako Gobernuari gutun bat idaztera behartu zuen gorenak Gilani. Baina agindua ez zuen bete. Urtarrilean epaitegira joan behar izan zuen Gilanik, agindua zergatik ez duen bete azaltzera. Haren esanetan, presidenteak immunitatea daukaduen karguari esker. Gainera, legebiltzarrak berretsi zuen lehen ministroaren immunitatea ere soilik botere legegileak baliogabetu dezakeela, eta ez botere judizialak.

Nolanahi ere, ez da Zardari ustelkeria kasuetan nahastuta dagoen bakarra. Gobernuko zein oposizioko kide asko daude egoera berean, baita Gilani bera ere: 2001ean hamar urterako kartzela zigorra ezarri zioten.

Baina ustelkeriaz harago, botere lehia da Pakistanen jokatzen ari direna. Armada eta Justizia botere legegilearekin eta exekutiboarekin muturtuta daude. Afganistango inbasioaz geroztik, Islamabad AEBen aliatu bihurtu zen, baina Washingtonek Osama bin Laden Abbottabaden hil ostean asko gaiztotu da harremana. Islamabad militarren estatu kolpe baten beldur da, eta armadak balizko estatu kolpeari aurre egiteko AEBei laguntza eskatu izana egozten dio gobernuari. Justizia militarren salaketa ikertzen ari da, Memogate auzia delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.