Pakistango lehen ministroa zigortu dute, agindutakoa ez betetzeagatik

Gilanik ez du espetxera joan beharko, eta iragarri du helegitea jarriko duela; PPPk erabakia kritikatu du

Erredakzioa
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Pakistango Auzitegi Gorenak Yusuf Raza Gilani lehen ministroa zigortu du, agindutakoa ez betetzeagatik. Gorenak aurretik agindu zion Asif Ali Zardari Pakistango presidentearen kontrako ustelkeria auzia zabaltzeko eskatzeko Suitzako Gobernuari, baina Gilanik muzin egin zion agindua betetzeari. Saioa amaitu arteko zigor sinbolikoa ezarri diote. Beraz, lehen ministroak ez du espetxera joan beharko. Dena den, epaileek esan dute Gilani kargutik kentzea ekar dezakeela atzoko epaiak. Prozesuak luze joko duela jakinarazi dute, eta Gilanik esan du helegitea aurkeztuko duela. «Zigor honek ez dakar kargua berehala kentzea. Apelatu egingo dugu», adierazi du Gilaniren abokatu Aitzaz Ahsanek.

Lehen ministroaren jarraitzaile ugari bildu da auzitegiaren kanpoaldean, eta iritsi denean arrosa petaloak jaurti dizkiote. Bultzaka sartu behar izan du Gilanik auzitegira. Zigorra entzun ondoren, gobernu taldea bildu du, eta hark helegitea jartzeko babesa eman dio lehen ministroari. PPP Pakistango Herriaren Alderdiko buruzagiekin ere bildu da Gilani, baita gobernu koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariekin ere. PPPk esan du lehen ministroak karguan jarraitzea espero dutela. Nawaz Xarif oposizioko liderrak, berriz, Gilanik kargua utzi behar duela esan du epaiaren berri izan ondoren.

Zardariren alde beti

Gilanik Zardariren alde egin du beti. Bere aurkako auzian ere, presidenteak immunitatea duela argudiatu du, eta horregatik ez zuela haren aurkako auzia zabaltzeko eskaerarik egin.

Pervez Musharraf Pakistango presidente ohiak ustelkeria kasuetan eta bestelako delituetan nahasita zeuden politikariei amnistia ezarri zien bere agintaldiaren azken urtean, 2007an. 2009an, baina, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Musharrafen erabakia, eta gobernua ustelkeria kasuetan nahasitako politikari guztiak aztertzera eta euren kontrako neurriak hartzera behartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.