AEBek Osama bin Laden Al-Qaedaren sortzailea hil zuten urteurrena bete den hil honetan, Washingtonen eta Pakistanen artean zalaparta sortu da berriz ere, Shakil Afridi medikuaren kasua dela eta. Iragan astean Pakistango auzitegi batek 33 urteko espetxe zigorra paratu zion «traizioa» egotzita, AEBetako CIA espioitza agentziari Bin Laden aurkitzen lagundu ziolakoan. Epaia atzo argitaratu zuen, eta, han dioenez, «estatuaren aurkako ekintzengatik» zigortu dute Afridi. Egotzitakoa, ordea, Lashkar-e-Islam talde islamistako kideak laguntzea da. Auzitegiak dio Afridik atzerriko zerbitzu sekretuekin harremana izan duela, baina hori ikertzea bertze tribunal batzuei dagokiela.
Bin Ladenen hilketa gertatu eta aste batzuetara atxilotu zuten Afridi. AEBek iragan urtarrilean aitortu zuten medikuak CIArentzat lan egin zuela. Khyber eskualdeko auzitegi batek 33 urteko espetxe zigorra paratu zionean, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak adierazi zuen zigorra «bidegabea, eta justifikaziorik eta oinarririk gabea» izan zela.AEBetako Senatuak, berriz, Pakistani emandako diru laguntza 33 milioi dolarretan murriztea erabaki du, milioi bat Afridiren espetxealdi urte bakoitzeko. Pakistango Atzerri Ministerioko bozeramaile Moazzam Ali Janek Washingtoni eskatu dio, baina, justiziaren erabakiak errespetatzeko.
Txertatze kanpaina faltsua
Bin Laden iazko maiatzaren 2an hil zuen AEBetako armadako eliteko talde batek Pakistango Abbottabad hirian. Pakistango iturrien arabera, Afridik CIAren aginduz umeentzako txertatze kanpaina faltsu bat egin zuen Abbottabaden. CIAk Bin Laden familiarekin han gordeta zegoela susmatzen zuen ordurako, eta haurren ADN laginak nahi zituen haren seme-alabak ote ziren frogatzeko. Washingtonek aitortu du Bin Laden hil aitzineko egunean Afridiri eskaini ziola familiarekin batera Pakistandik alde egitea, baina medikuak ez zuela eskaintza onartu.
Pakistango medikua ez dute zigortu, ustez Bin Laden salatzeagatik
Shakil Afridi doktoreari talde islamista bati laguntzea egotzi dio 33 urteko espetxe zigorra jarri zion auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu