Pakistango segurtasun indarrek beste erasoaldi bat abiatu dute Orakzaiken

AEBek eta Pakistanek solasaldiak hasi dituzte Washingtonen, elkarlanerako harremana bideratzeko

2010eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Pakistango segurtasun indarrek herrialdearen ipar-mendebaldean kokatua dagoen Orakzai eskualdeko gerrillari islamisten kontrako oldarraldiari ekin zioten astearte gauean. Atzo bertan, TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan - Pakistango Talibanen Mugimendua- gerrillako 23 ekintzailei hil zituztela iragarri dute erasoaren arduradunek.

Oldarraldi horretan parte hartzen duen segurtasun talde nagusia FC Mugazaintza Indarra da. Horri dagokio Afganistango mugaldean kokatuak diren eskualdeetan segurtasuna bermatzea. Lurraldeotan, baina, eragin handia dute TTPko gerrillariek, baita haien aliatu Al Kaedako ekintzaile islamistek ere. Islamabadeko aginte federalaren kontrajihad gerra santua aldarrikatu zuten gerrillari eta ekintzaile islamistek 2007ko udan; Orakzaiden abiatutakoa, bada, ez da eskualde horretan egiten duten lehenengoa.

Lurretik eta airetik eraso diete TTPren eta Al Kaidaren ezkutalekuei. Lehen orduetatik, 23 gerrillari hil dituztela eta haien gotorleku bat, armak eta lehergaiak suntsitu dituztela ziurtatu dute FCko agintariek, baita trebakuntzarako gune bat ere. Datu horiek, baina, ezin dira iturri independenteetatik egiaztatu, informazio hedabideei debekatuta baitzaie eskualdera hurbiltzea.

Orakzain erasoldaldia hasten zen unean bertan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadaren piloturik gabeko hegazkinek botatako misilek ustezko sei gerrillari islamista hil zituzten, Ipar Waziristanen. NWFP Ipar-mendebaldeko Probintzian kokatua den eskualde honetan ere gerrillari islamistei gogor oldartzen zaizkie Islamabadeko segurtasun indarrei. Ipar eta Hego Waziristanen diren erasoaldien ihesean, hain zuzen,gerrillari eta ekintzaile islamista ugarik Orakzairen geriza hartu dutela iritzi diote adituek.

Pakistango Gobernu federalak gudu gogorra hasia du TTPren eta Al Kaedaren aurka. Gerrillari eta ekintzaile islamistek, berriz, odol isurtze handiak eragin dituzte azken bi urte eta erdi hauetan. Tarte horretan, 360 ekintza suizida inguru izan dira eta 3.100 lagun baino gehiagok bizia galdu dute, horietatik asko zibilak. Islamabadek ekintzaile islamistei gogor oldartzea erabaki du, Washingtonen presiopean. Izan ere, AEBen esanetan, Afganistanen eraso odoltsuak burutzen dituzten gerrillari islamistak Pakistango NWFP probintzian eta eremu tribaletan gerizatzen dira.

Elkarlanerako hizketaldiak

Orazkairen oldarraldia hasi berria zelarik, hain zuzen, Pakistango eta AEBetako diplomazia ordezkarieta arduradun militar gorenek hizketaldi saio bati ekin zioten. Washingtonera etorri dira Pakistango Atzerri ministro Shah Mehmood Qureshi, Armadako buruzagi goren Asfhak Kaiani jenerala eta ISI zerbitzu sekretuetako buru Ahmed Shuja Pasha jenerala. Segurtasun arloko elkarlanaz gain, haatik, beste aipagairik izango dute AEBetako eta Pakistango goi arduradunek.

Hala, Islamadabek nuklear zibila garatzearen alorrean akordio bat egin nahi luke Washingtonekin. AEBak badu, hain justu, halako hitzarmena Indiarekin. Washingtonek, baina, errezeloak ditu Pakistanekin ildo bera lantzeko, muturreko islamistek bertan duten indarra kontuan hartuta. Alabaina, Islamabadek egitasmo hau aurreratu nahi du, eta, hala gogorarazi du Washingtonera joandako ordezkaritzak. Hala, «Indiarekin egoki dena, Pakistanekin ere egoki behar luke izan», adierazi du, Pakistango Atzerri arazoetako Estatu idazkari Salman Bahsirrek.

AEBekiko harremanei bultzada berria emateko asmoz, betiere, Pakistango ordezkariek eskari zerrenda bat aurkeztu diote Washingtoni. Horretan agertzen diren eskakizunen artean bada, esaterako, AEBetako eta Pakistango zerbitzu sekretuen arteko informazio trukaketa estuago egotea, baita gerrillari islamisten aurka eraginkorrago jokatzeko material militar berriak -helikopteroak eta piloturik gabeko hegazkinak, esaterako - eskuratzea ere. Washingtonek bideratzen dion laguntza ekonomikoa handitzea ere nahi du Islamabadek -11.400 eurokoa da, gaur-gaurkoz, laguntza-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.