Pakistango talibanek 400 lagun bahitu dituzte Ipar Waziristanen

Armadak Swateko etxeratze agindua bertan behera laga du behin-behinean, zibilak atera ahal izateko

Erredakzioa
2009ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Pakistango taliban talde batek gutxienez 400 lagun bahitu zituen atzo Ipar Waziristanen, Afganistanekin mugan dagoen eremu tribalean. Ekintzaileek, errifle automatikoak eta granadak eskuetan, 30 bat autobus geldiarazi zituzten. Razmak hiriko eskola bateko hainbat ikasle eta familiartekoakzihoazen haietan. Zenbaitek ihes egitea lortu zuten. Poliziaren bertsioa da, lerro hauek idazterakoan talibanek ez baitzuten egiletza aldarrikatu.

Indarkeriak gora egin du Pakistanen azken bi urtean. Eremu tribalak ez daude erabat Asif Ali Zardariren gobernuaren kontrolpean. Adituen arabera, talibanen gotorleku dira eskualde horiek. Haien kontra ari da borrokan armada Swat, Dir, Buner eta Shangla probintzietan. Operazio horren ondorioz, 1.300 ekintzaile eta 80 soldadu hil dira, militarren arabera. Baina zifra beltza askoz altuagoa izan liteke, armadak ez baititu biktima zibilak aipatzen.

Bestalde, erasoak gogortu aurretik zibilak Swatetik irten daitezen, etxeratze agindua bertan behera utzi dute behin-behinean. Izan ere, Charbagh hiriko kontrola eskuratzeko borrokak areagotuko dituela esan du armadak. Larunbatean kendu zien Swateko hiriburua, Mingora, talibanei.

Erasoaldiarekin batera, «ideien gerra» ere egin beharra dagoela adierazi du Zardari presidenteak. «Matxinada sustatzen duen ideologia amaitzeko, hezkuntza sistema erreformatu behar dugu». Eskola koranikoak berritu nahi ditu, gazteak «toleranteak» izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.