Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Palestina «demokraziarako kide» izendatu du Europako Kontseiluak

Palestinako Kontseilu Nazionaleko ordezkariek hitza izango dute Estrasburgon, baina ez dute boto eskubiderik izangoAEBetako Kongresuak PANi izoztutako diru laguntza desblokeatu nahi du Obamak

Jon Fernandez.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak «demokraziarako kide» estatusa aitortu dio Palestinako Kontseilu Nazionalari. Hau da, aurrerantzean, legebiltzarkide palestinarren ordezkaritza batek batzarreko batzordeetako saioetan parte hartu ahal izango du; hitza izan arren, ordea, palestinarrek ez dute botorik izango. «Erabakiak ez du Palestinako Estatuaren aitortzarekin zerikusirik», zehaztu du Estrasburgok; hala ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kide izateko bidean eginiko pauso gisa ulertu dute batzuek, bereziki Israelgo eskuin muturrekoek.

Batzar Parlamentarioa Europako 47 herrialdetako parlamentarien ordezkaritzek, hiru parlamentu behatzaileetako ordezkaritzek (Mexiko, Kanada eta Israel) eta «demokraziarako kide» mailadun bi parlamentuetako ordezkaritzek (Maroko eta Palestina) osatzen dute. Palestinako Parlamentua kidetzat onartzearen alde bozkatu zuten atzo 110 ordezkarik, kontra bostek eta hamar abstenitu egin ziren. Izendapenaren truke hainbat baldintza onartu ditu Palestinako Kontseilu Nazionalak: 2006az geroztik Gazan preso dagoen Gilad Shalit soldadu israeldarra askatzea, «terrorismoa» baztertu eta haren kontra egitea, Zigor Kodetik heriotza zigorraezabatzea, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatzea, eta Gazan eta Zisjordanian armen legez kanpoko sarrera etetea, besteak beste.

«Sutsuki defendatzen ditugu Europako Kontseiluaren printzipio horiek, gure herrialdearentzat nahi ditugunak baitira», adierazi du Salim Zaanun Palestinako Legebiltzarreko presidenteak. Bestalde, gogorarazi du 6.000 preso palestinar daudela Israelgo espetxeetan, eta haien familiek ere Shalit soldaduaren familiak nahi duen gauza bera amesten dutela. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hitzaldia egingo du bihar Europako Kontseiluaren aurrean; NBEko Segurtasun Kontseiluko bederatzi kideren babesa lortzeko egingo duen nazioarteko birako lehen geralekua izango da. Etzi, Kolonbiarantz abiatuko da, Juan Manuel Santos presidentearen iritzia aldatzeko asmoz. Erlojuaren kontra ari da PAN, oraindik Segurtasun Kontseiluan emango duten botoa argitu ez duten Kolonbia, Portugal, eta Bosnia eta Herzegovina konbentzitu nahian.

Laukotearen bilera, igandean

Bien bitartean, igandean bilera egingo duela iragarri du Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBak, EB, Errusia eta NBE—. Bruselan bilduko direla jakinarazi du Victoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak. «Uste dugu Laukoteak egutegi ona aurkeztu duela bi aldeekelkarrekin zuzenean lan egin dezaten». Egutegiaren arabera, hilabeteko epea dute bi aldeek lehen bilera egiteko, eta bertan agenda eta metodologia zehazteko. Hiru hilabetera, mugen eta segurtasunaren auziaz jardun behar lukete; eta urtebetera behin betiko bake akordioa lortu. Israelek baiezkoa eman dio Laukoteari, baina PANek esan du ez duela proposamena onartuko Tel Avivek kolonien politika amaitutzat eman arte.

Bestalde, AEBetako Kongresuak PANentzako urteroko diru laguntza izozteak —150 mila euro— eztabaida sortu du Washingtonen. Barack Obama presidentearen gobernua erabakiaren kontra agertu da, eta dirua desblokeatzeko negoziazioetan ari da errepublikanoekin. «Diru hori ez da soilik palestinarren mesederako, AEBen eta Israelen interesentzat ere ona da, eta laguntza hori bidaltzea nahi dugu», adierazi du Etxe Zuriak.

Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak, bestalde, Hamas alderdiak 2006an irabazitako bozak onartzen ez dituzten herrialdeak kritikatu ditu —AEBak, besteak beste—. Hauteskunde prozedura ororen emaitzak onartzeko bermeak eskatu dizkie Carterrek herrialde boteretsuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.