Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak heldu den irailaren 20an aurkeztuko du estatu palestinarra aitortzeko ekimena; Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eskura emango dio dokumentua —Batzar Orokorraren ikasturteko hasiera ekitaldia egingo da egun horretan—. Rijad al Malki PANeko Atzerri ministroak eman du egunaren berri. Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorretako batek beto eskubidea baliatuko duen ikusteko dago orain; Washingtonek horixe egingo duen kezka dute palestinarrek.
Gazarako laguntza, etenda
Hamasek, bien bitartean, atzera egin eta nazioarteko giza laguntzari ezarritako baldintzari uko egin dio. AEBek Gazara bideratzen duten giza laguntza eten eta biharamunean hartu du erabakia; gobernuz kanpoko erakundeen isilpeko informazioa eskatzen ari zirela eten zuten laguntza. AEBek urtero 69 milioi euro bideratzen dituzte Gazara; palestinarren heren batek jasotzen du laguntza —600.000 lagunek—.
Palestina estatu gisa aitortzeko ekimena irailaren 20an aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu