Mundua

Palestinak bere bandera jarriko du gaur NBEren New Yorkeko egoitzan

Mahmud Abbasek aukera izango du hil bukaeran Batzar Orokorrean hitza hartzeko.

Palestinar bat, banderarekin Zirjordanian urte hasieran kolonia israeldarren aurka izan ziren protesta batzuetan. ALAA BADARNEH
2015eko irailaren 11
17:48
Entzun

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak baimena eman dio Palestinari New Yorkeko egoitzan bere bandera jartzeko. Gaur egitea espero da, gehiago itxaron gabe. Batzar Orokorrak atzo onartu zuen Palestinako bandera jartzea, aldeko 119 botorekin eta kontrako zortzirekin; 45 abstentzio izan ziren. Gehienbat Asia, Afrika eta Latinamerikako herrialdeek onartu zuten. Kontra bozkatu dute AEBek, Australiak, Kanadak, Israelek eta Pazifikoko lau uhartek.

AEBetako ordezkari Samantha Powerrek esan du horrek ez dakarrela ekarpenik bake negoziazioetarako. Israelek, berriz, esan du bandera jarrita ezer ez dela aldatuko palestinarren eta israeldarren bizitzetan: "Ez nahastu. Ekimen honen helburua argazki bat da". Ekimenaren bultzatzaileetako bat Venezuela izan da, eta Delcy Rodriguez ordezkaria pozik agertu da: "Kontua jada ez da lurralde bat babestea, herri bat babestea baizik". Argentinak eskatu du Palestina NBEko Batzar Orokorreko kide oso izatea bozkatu behar dela. "Erakunde honek berrikuntzak behar ditu", esan du Hector Timerman ordezkari argentinarrak.

2012ko azaroaren 29tik behatzaile modura hartzen du parte Palestinak NBEn. NBEren araudiaren arabera, orain arte soilik kide oso diren herrialdeen banderak egon ahal ziren New Yorkeko egoitzaren kanpoaldean. Hori aldatu dute, ordea. Gaur dira bandera igotzekoak, eta Abbasek munduko hainbat lider eta hedabide inguruan dituela egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.