mundua

Palestinak NBEn sartzeko eskatuko du hilaren 27an

Mahmud Abbasek iaz egin zuen Palestinaren estatu izaeraren aitortza eskatzeko lehen ahalegina, baina Segurtasun Kontseiluak ez du erabakirik hartu oraindik. NBEn "kide ez den estatu behatzaile" mailara igotzeko eskaera egingo du orain.

2012ko irailaren 8a
15:46
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak hilaren 27an egingo duen bileran NBEn sartzeko eskatuko du Palestinak, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak gaur Ramalan iragarri duenez. Hain zuzen, "kide ez den estatu behatzaile" bezala sartzeko galdegingo du. 

"Okupatuta gauden estatu bat garela esango diogu munduari", esan du Abbasek, hedabideen aurrean. Azpimarratu du 133 herrialdek Palestina estatu gisa onartzen dutela eta dozenakak harreman diplomatikoak dituztela eurekin.

AEBak eragozpenak jartzen ari direla jakinarazi du PANeko buruak, baina hitz eman du Palestinak aurrera joko duela.

Iazko irailaren 22an egin zuen Abbasek Palestinaren estatu izaera aitortzea eskatzeko lehen ahalegina. NBEren Batzar Nagusian. Palestinako lurraldea eskubide osoko estatu gisa aitortzeko eskatu zuen. 1967ko mugak errespetatuz, Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea hiriburu gisa bilduko zituen Palestinako Estatua aldarrikatu zuen orduan Abbasek. Baina Segurtasun Kontseiluak ez du erabakirik hartu oraindik ere.

2011ko ahaleginak fruiturik eman ez zuela ikusita, bestelako proposamen batekin joko du PANek NBEra, eta Palestina "kide ez den estatu behatzaile" mailara igotzeko eskaera egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.