Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidenteak onartu egin du herrialdeko gobernuaren dimisioa, Ramalan egindako bileran. Abbasek Salam Faia Al Fatako buruzagiari eman dio exekutibo berria osatzeko ardura, agindu batekin, iturri ofizialen arabera: Palestinako alde desberdinetako eragileak sartzeko.
Herrialdeko presidentziarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak irailean izango direla jakinarazi zuen larunbatean PANek. Epeak kontuan hartuta, eginda beharko lukete bozek, baina Al Fataren eta Hamasen arteko desadostasunek ez dute ahalbidetu halakorik izatea.
"Egoera hau bukatzea eta hitza jendeari ematea da helburua, baita Palestinako alde denei hauteskundeetan bat egiteko gonbitea egitea ere", zioen Hanan Ashrawi palestinar agintariak, Ramalan.
2006an izan ziren legebiltzarrerako aurreko hauteskundeak, eta Hamas izan zen irabazle. Nazioarteko presioaren ondorioz, baina, Hamasen boterea Gazara mugatu da. Zisjordanian Al Fatak agintzen du. Presidentziarako bozak 2005ean izan ziren. Garaile, Al Fata - alderdi hartako Mahmud Abbas da PANeko burua-. Hamas ez zen aurkeztu.
Ashrawik adierazi du Hamasekin akordioa egin nahian dabiltzala. Hamasek erantzun du bozak egin aurretik Al Fatarekin berradiskidetzea lortzea ezinbestekoa litzatekeela.
munDUA
Palestinako Gobernuaren dimisioa onartu du Abbasek
Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak exekutibo berrian herrialdeko alde desberdinetako eragileak sartzeko agindu du. Irailean izango dira presidentziarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu