Hamaseko buru Mahmud Zahharrek Palestinako Hauteskunde Batzordearen iruzurra salatu ostean haserre erantzun du erakundeak, eta alderdi islamista gaitzetsi du. «Salaketa zentsuragarria da. Batzordeak eta bere kide guztiek legebiltzarrerako eta presidentetzarako azken bozetan parte hartu zuten, eta alderdi guztiek nahiz nazioarteak bere lana txalotu zuten».
Zisjordaniako erregistroan Hamas kanporatu izana leporatu dio Zahharrek hauteskunde batzordeari, eta zalantzan jarri du erakundearen independentzia. Hamasek eta Al-Fatahek iaz sinatutako adiskidetze akordioaren arabera, batzordeak Gazako errolda egin behar zuen Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak udaletako hauteskundeak antolatu ahal izateko. Hamasek, ordea, erregistro lanak debekatu ditu alderdi islamistako kideek Zisjordanian duten errepresioa dela eta. Hori horrela, Gazako errolda egin gabe urriaren 20rako deitu du bozetara PANek.
Bestetik, Israelek Hamaseko kide bat hil zuen atzo Gazan airez eraso eginda, eta beste bi lagun zauritu zituen. Ordu batzuk lehenago Israelgo tankeak Gazan sartu eta tiroka aritu zirela salatu du Hamasek, eta hiru palestinar zauritu zituztela. Horietako bat, gainera, oso larri.
Israelgo koalizioa kolokan
Bestetik, errekrutatze militarraren auziak krisi politikoa eragin du Israelen. Izan ere, Kadima alderdiko buru Shaul Mofazek Benjamin Netanyahu lehen ministroari ohartarazi dio errekrutatze lege berri bat adosten ez badute koalizio gobernutik aterako dela. Toraren ikasle judu ultraortodoxoek ere soldaduska egitea eskatzen du Kadimak.
Palestinako Hauteskunde Batzordeak Hamas gaitzetsi du
Alderdi islamistak iruzurra egitea egotzi dio batzordeari; Israelek palestinar bat hil du Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu