PAN Palestinako Aginte Nazionalarekiko kritikoa zen Nizar Banat, eta aurrez ere behin baino gehiagotan atxilotu izan zuten. Ostegun goizaldean, baina, Hebronen zuen etxean sartu ziren 30 soldadu palestinar, eta jipoitu eta atxilotu egin zuten. 45 urteko palestinarra handik ordu gutxira hil zen.
Familiak segurtasun indarrei eta Mahmud Abbas PANeko presidenteari egotzi dio Banat hil izana. Hebrongo gobernadore Jibrin al-Bakrik, ordea, esan du «haren osasunak okerrera» egin zuela militarrak haren etxera sartu zirenean: «Hebrongo erietxera eraman zuten berehala, baina medikuek artatu zutenerako hila zen».
Ehunka lagun irten ziren atzo kalera Ramallahn Banaten hilketa salatzeko. Abbsen aurka jo dute manifestariek eta Banaten heriotzaren erantzule egin dute buruzagi palestinarra. Segurtasun indarrek negar-gasa jaurti zuten manifestarien aurka, eta hainbat lagun atxilotu zituzten.
Joan den azaroan atxilotu zuten azkenengoz Banat, sare sozialetan zabaldutako bideo batean PANeko buruzagiak kritikatu ostean. 2017an onartutako «zibererasoen aurkako legea» baliatuta atxilotu zuten aldi hartan. «Beldur gara legerik errespetatzen ez duten Poliziek noiz hilko gaituzten. Argi dago badela oposizioa paretik kentzeko asmo bat, ondorioak edozein direla ere», salatu du Assa Amrok, PANekiko kritikoa bera ere.
Urte hasieran, Banatek Askatasuna eta Duintasuna alderdia sortu zuen, gerora Abbasek bertan behera utzitako presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu asmoz.