Gazako egoerari buruz hitz egiteko presazko bilera egin du Giza Eskubideen Kontseiluak, eta Lynkek han esan du "berariazko hilketa" egin duela Israelek, eta hori "gerra krimen" gisara dagoela definituta Erromako Estatutuan. Genevako Hitzarmena ere urratzen duela salatu du, gainera.
Israelek 60 palestinar hil zituen astelehenean, Nakba bezperan, AEBek Jerusalemenen Israelgo Enbaxada inaguratu zuten egunean. Nazioarteak Israelen jarrera salatu du, eta "neurriz" jokatzeko eskatu dio. Lynkek ohartarazi du salaketak alferrik direla justizian esku hartzerik egiten ez bada. Kontuak eskatu behar direla uste du.
Ildo berean hitz egin du Zeid Raad al Husein NBEko Giza Eskubideen Batzordeko buruak ere. "Nazioarteko ikerketa independente eta inpartziala" eskatu du. Izan ere, berak argi dauka Israelek ez duela proportzioz jokatu, eta, horren adibide, esan du konparatzeko mugaren bi aldeetako biktima kopurua: alegia, 60 palestinar baino gehiago daudela hilda eta Israelen militar bakarra zauritu dela, arin.
Palestinarrek molotov koktelak eta harriak bota bazituten ere, haiek ez zutela inoren bizitza arriskuan jarri nabarmendu du, eta haien kontra ez zegoela munizio erreala erabiltzeko beharrik.
Eskaera zuzena egin dio Israeli: "Amai ezazue okupazioa eta indarkeria gehiena, eta segurtasun falta desagertu egingo dira". Izan ere, haren arabera, 1,9 milioi gazatar "jaiotzen direnetik hiltzen diren arte ghetto toxiko batean egotera" kondenatzen ditu.