Milaka pertsona batu dituzte Jerusalemen eta Zisjordanian egin diren protestek. Israelgo kolono batek gazte palestinar bat hil duela jakinarazi dute Palestinako Maan albiste agentziak eta Hareetz Israelgo egunkariak. Jerusalem ekialdeko Meskiten plazan, protesta errezu jendetsua egin dute, eta amaitutakoan hasi dira liskarrak. Guztira, 193 izan dira zaurituak, benetako balen, gomazko balen, erreduren eta gasa arnastearen ondorioz.
Hamasen buru Ismale Haniyek atzo deitu zituen protestara palestinarrak, Israelek Meskiten plazan hartutako neurriak salatzeko. Joan den ostiralean, Israelgo bi soldadu hil zituzten hiru erasotzailek, eta Israelek, Meskiten plazarako sarbidea itxi, eta Al-Aqsa meskitaren sarreran metal detektagailuak ezarri ditu zigor gisa, aste honetan. Gazan ere protesta egin zuten palestinarrek, Ismail Haniye buru zutela. "Palestinako erresistentzia da Israelen okupazioa eta gobernuak horrelako erabakiak hartzea eteteko bide bakarra", adierazi du Haniyek, protestan.