Familia bereko bost pertsona hil zituen herenegun gauean palestinar batek labankadaz: aita, ama, 11 eta 3 urteko seme-alabak eta hiru hilabeteko haurra. Beste hiru seme-alabek alde egitea lortu zuten. Itamar kolonian gertatu zen, Nabulustik gertu, Zisjordania iparraldean. 2008tik kolonoen aurka egindako ekintzarik gogorrena izan da. Orduan, eskola judu batera sartu eta zortzi ikasle hil zituen beste palestinar batek.
Imad Mugnije miliziak bere gain hartu du ekintza, baina ez diote erabateko sinesgarritasunik eman haren adierazpenari. Israelgo armadak hogei pertsona atxilotu ditu gertaerarekin lotura izan dezaketelakoan. «Hilketa arbuiagarri hori ikusita ez gara eskuak gurutzatuta geratuko», esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Armadak guztiz bakartu zuen Nabulus ingurua, eta etxez etxe ibili ziren hiltzailearen bila. Ibilgailu bakar bati ere ez zioten utzi hirira sartzen edo handik ateratzen, ezta anbulantziei ere.
Salam Faiad PANeko lehen ministroak ere gertatutakoaren aurka hitz egin du. «Erabat gaitzesten dugu indarkeria, biktimak edozein nazionalitatetakoak izanda ere. Familia baten aurkako erasoa izan da». Israeli askotan egin diola presioa gogoratu du, Palestinako Aginte Nazionalari Zisjordaniako C gunean segurtasun indarrak jartzen uzteko. Gune horrek Zisjordaniako bi heren osatzen ditu, tartean hilketa gertatu zen Itamar. AEBek ere gertatutakoa gaitzetsi dute, eta gauza bera egiteko eskatu diote PANi.
Hamasek azaldu duenez, komunikabideen bidez izan du gertatutakoaren berri. Hala ere, hilketa babesten duela dio. «Kolonoen aurkako operazio hauek babesten ditugu, gure lurrak okupatu eta gure herriari eraso egiten diotelako».
Palestinar batek bost kolono hil ditu Zisjordanian
2008az geroztik israeldarren kontra egindako ekintzarik gogorrena izan da; labankadaz hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu