Mustafa Bargutik (Jerusalem, 1954) medikuntza ikasketak egin zituen, baina politikaren aldeko interesa familiatik datorkio. Urte askoan palestinarrak ordezkatu zituzten ordezkaritzetako kidea izan ostean, Palestinako Ekimen Nazionala izeneko mugimendua sortu zuen 2002an, Al Fataren eta Hamasen arteko bipartidismoa apurtu eta «beste errealitate bat» eskaintzeko. 2005ean, presidentetzarako bozetara aurkeztu eta bigarren geratu zen, Abbasen atzetik. Azkenaldian, bi alderdi nagusien adiskidetasun akordioa lortzeko sortu zen negoziazio mahaiko kideetako bat izan da. Palestinako etorkizunaren inguruan baikor sumatzen zaio, baina «bide luzea» dago egiteko.
Hogei urte igaro dira palestinarren eta Israelen arteko negoziazioak hasi zirenetik, baina estatua aitortuko balitz, aro berriaren ataria litzateke?
Mundua bi hamarkadaz aritu zaigu esanez negoziazioa zela independentzia lortzeko bide bakarra, baina Osloko Akordioen porrotaren ostean, okupazioak txarrera besterik ez du egin. Okerrena da bi estatuen konponbidea arriskuan dagoela, batez ere kolonien hazkunde oldarkorraren ondorioz. Nazio Batuen Erakundera joateko erabakiarekin, nazioarteko komunitateari eskatzen ari gatzaizkio bi estatuen irtenbidea salba dezala.
Zergatik estatuaren aldeko aldarrikapena orain?
Arrazoi askorengatik. Lehenik, Laukoteak—NBEk, AEBek, EBk eta Errusiak— negoziazioak hasi zituen iazko irailean, urtebeteren buruan Israelen eta palestinarren arteko gatazka amaitzeko. Bigarrenik, Obamak ere iaz esan zuen aurten Palestinako estatuaren sorrera ikusiko genuela, eta NBEko eskubide osoko kide izango zela. Bereziki, bi gertaera horien urteurrena da.
Pauso ona izango al da aitortza?
Erabaki garrantzitsua da, eta, nire ustez, ona. Baina jakin behar dugu PAN zein ikuspunturekin doan NBEra. Ekimen hau estrategia berri baten lehen pausoa izan beharko litzateke. Estrategia berri horretan, indarkeriarik gabeko erresistentzia, Palestinako fakzio politikoen arteko adiskidetasun akordioa, sistema ekonomikoaren aldaketa eta Boikot eta Zigorren kanpainaren bultzada izan beharko lirateke zutabe nagusiak. Baina ekimenak PANek Israelekin negoziazioak berrezartzeko balioko badu, porrota izango da palestinarrontzat. Izan ere, Israelek duen Palestinako estatuaren ideia da irla isolatu batzuez osaturiko klusterra, lurraldearen %40 baino gehiago beretuz. Nik argi daukat: Palestinaren independentzia hemen lortuko da, ez NBEn. Aitortzak ez du amaituko okupazioa, baina Israelen gehiegikeriak agerikoagoak egingo ditu eta AEBen benetako ikuspegia azalean utziko du. Siriarentzat, Libiarentzat, Tunisiarentzat eta Egiptorentzat askatasuna eskatzen ari den bitartean, historia modernoko okupazio eredurik zaharrena babesten baitu.
Palestinarrek babesten al dute ekimena?
Batzuek bai; beste batzuek, berriz, ez. Egia da palestinarrek ez dutela ekimenarekiko berotasun handia erakutsi. Nire ustez, desmobilizazio prozesu bat dugu, batez ere faktore ekonomikoak bultzatuta. Palestinako Aginte Nazionalaren aparatuak bere ahalmenaren gainetik funtzionatu du, eta horrek bizi-maila irreal bat izatera animatu ditu asko.
Oro har, palestinarrek erresistentzia ekintza gisa eman diote ekimenari babesa, baina kasu honetan, independentzia prozesua amaierara arte ez iristeko beldur dira asko. Herritarren konfiantza berreskuratu behar dugu, eta ongi azaldu behar diegu zer ari den gertatzen, baina ez bakarrik okupaturiko lurraldeetan, baita diasporan ere.
Posible al da Palestinako estatu bat izatea Gazako eta Zisjordaniako gobernuen arteko adiskidetasuna bermatu gabe?
Inolaz ere ez. Estatu bat nahi dugu, baina estatu horrek demokratikoa izan behar du. Azken bost urteotako barne apurketaren ostean, demokrazia bultzatu behar dugu gure erakundeetan. Egun, bi sistema burokratiko ditugu, bata Zisjordanian eta beste bat Gazan. Botereen banaketa izan beharrean, botereen fusioa da nagusi gure lurraldeetan. Horrela ezin da estatu bat eraiki.
Al Fataren eta Hamasen arteko azken negoziazio mahaian izan zinen. Batasun akordioa geldituta dagoela dirudi.
Su-eten egoeran daude. Ez diote elkarri eraso egiten, eta bi aldeetako preso politiko asko askatu dituzte, baina batasun akordioaren ideia nagusiak ez dira ezarri. Noizko hauteskundeak? Zergatik ez dugu boterearen alternantzia naturalik? Biziki arduratzen naute ideia horiek. Nire ustez, halere, kanpo presioak ari dira batasun politikoa eragozten. Palestinarrak beldurtu nahian dabiltza, Hamasekin batuz gero laguntza ekonomikoak moztuko dituztelakoan. Banatuta eduki nahi gaituzte, erresistentzia ahula izan dezagun. Gaza Zisjordaniatik banatuta eduki nahi dute, oso lurralde txikia izan arren, Palestinako herritarren %30 bertan bizi direlako.
Mustafa Barguti. Politikari eta ekintzaile palestinarra
«Palestinaren independentzia hemen lortuko da, ez NBEn»
Aitortzak ez luke okupazioa amaituko, haren ustez, baina agerian utziko lituzke Israel eta AEBak. Dena dela, palestinarren batasuna sendotu ezean ez dela estaturik izango dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu